Lima
Peruko hiriburua eta Limako departamenduko hiriburua, Errepublikaren erdialdean, Ozeano Barearen ertzean, Rimac ibaiaren ertzean, Ande mendietatik hurbil. Hirialde bakarra osatzen du 13 kilometrora dagoen Callao edo El Callaoko portuarekin batera. 5.826.000 biztanle (1991). Tropikoan egon arren tenperatura apalak izaten dira Ande mendien hurbiltasuna eta Humboldt itsaslaster hotzaren eraginez (17 °C neguan eta 14 °C udan). Peruko politika, administrazio, finantza, industria eta merkataritzagune nagusia da. Ehungintza, plastikoak, zurgintza, kimika industria, eraikuntza eta industria astuna (altzairugintza, automobilgintza) dira industria nagusiak; industria horiek Vitarte auzotik Callaorako eremuan eta Pan-American autobidearen alboetan daude. Merkataritza aldiz hiriaren hegoaldean dago. Hiria kanpotik etorririkoek eraiki dituzten etxadi eta aldiri txiroez inguratua da, inguruko eskualdeetako biztanleak etengabe biltzen baitira Errepublikako hiriburura. Espainiarren konkistaren garaiko monumentu ugari gorde ditu Limako hiriak baina horietako asko eta asko berritu edo berriro eraiki dira, lurrikarek erabat edo neurri handi batean hondatu baitituzte jatorrizko eraikuntzak. Aipagarri dira, besteak beste, 1540. urtean eraikitako katedrala (XVIII. mendean berritua), XVI. mendeko San Francisco eliza eta komentua, XVIII. mendean erabat berritu zen Santo Domingo komentua, XVII. mendeko San Agustin komentua (XVI. mendeko kanpandorrea, klaustroa, erretaula barrokoa), Santa Rosa de las Monjas eliza (1704-1708), Corazón de Jesús eliza (1758-1766), Nazarenas eliza (Peruko rokoko estiloko eredurik garbiena, 1766-1771) eta XVII-XVIII. mendeetako hainbat etxe eta jauregi, barroko eta rokoko estiloan eginak. Ikusgarriak dira, halaber, arkeologia museoa eta urrearen museoa (Colon aurreko artelanak). Liman dauden hiru unibertsitateetatik San Marcos da garrantzizkoena, 1551n sortua. Artzapezpikutegia. v Historia. 1535ean sortu zuen Limako hiria Francisco Pizarro konkistatzaile espainiarrak Ciudad de los Reyes izenaz eta Peruko erreinu ordekoaren hiriburua izan zen bi mendez. San Marcos unibertsitateak etorrarazi zituen zuzendari zibilek eta erlijiosoek, mea aberastasunak eta merkataritza oparoak Peruko hiri garrantzitsuena ezezik Hego Amerikako hiri nagusi bihurtu zuten Lima XVII. menderako. 1821ean San Martin jeneral argentinarrak Lima espainiarren mendekotasunetik askatu eta Peruren burujabetasuna eskatu zuen bertan.