Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lille

Frantziako iparraldeko hiria eta ibai portua, Nord departamenduko eta Nord-Pas-de-Calais eskualdeko hiriburua, Deűle ibaiaren ertzean. 194.916 biztanle. Hirialdeak (Lille, Roubaix, Tourcoing, Hellemmes) 890.000 biztanle ditu. Merkataritza eta industriagune garrantzitsua: janari industria, ehungintza, altzairugintza. Komunikabide sare zabal batek Frantziako hiri eta eskualde nagusiekin lotzen du: aireportua, errepideak eta burdinbidea. Aipagarri dira XIV-XV. mendeko Saint-Maurice eliza berritua, Saint-André eliza (XVIII. m.), Sainte Catherine eliza (XVI-XVII. m.), Saint-Etienne eliza (XVII. m.), Burtsa zaharra (XVII. m.), Rihour jauregia (XV. m., berritua), XVII. mendeko ateak (Roubaix, Gand eta Paris), Vauban frantses mariskalak XVII. mendearen amaieran eraikitako hiri gotortua, XVII-XVIII. mendeetako etxeak eta Arte Ederretako museoa. Unibertsitatea eta apezpikutegia.  v  Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Lilleko hiria. Hiri gotortua zen eta Flandesko kondeen, Burgundiako eta Habsburgoko dukeen eta espainiarren esku egon ondoren 1667an Luis XIV.ak konkistatu zuen eta, Utrecht-eko hitzarmenaren ondorioz, Frantziaren mende geratu zen betiko. 1914-1918 urteetan alemaniarren esku egon zen hiria; Bigarren Mundu Gerran zehar kalte handiak jasan zituen.