Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Libano

(Izen ofiziala, Libanoko Errepublika; Arab., Lubnan edo Al-Jumhüriyah Al-Lubnaniyah). Asiako estatua, Ekialde Hurbilean, Mediterraneo itsasoaren ertzean. 10.400 km2 eta 4.099.000 biztanle (2007ko estimazioa, libanoarrak). Hiriburua: Beirut (1.800.000 biztanle). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Siria; mendebaldean Mediterraneo itsasoa, eta hegoaldean Israel. Hiri nagusiak: Tripoli, Zahlah, Sidon (Sayda). Gizatalde nagusiak: arabiarrak (% 95), armeniarrak (% 4), besteak (% 1) Hizkuntzak: arabiera (hizkuntza ofiziala), armeniera, ingelesa eta frantsesa. Erlijioak: islama (% 60), kristaua (% 39). Dirua: Libanoko libra.  v  Orografia eta klima. Oso lurralde menditsua da. Libanoko mendikateak (Kornet el Saouda mendia, 3.090 m.) eta Libano aurreko goi-ordokiak (2.300 m. batez beste) zeharkatzen dute Libano ipar-ekialde hego-mendebal. Bi mendialde hauen artean 900 m-ko garaiera duen Bekaa-ko harana dago, Litani ibaiak igarotzen duena. Litani (170 km) eta Oronte edo Nahr al-Asi (571 km) dira Libanoko ibai nagusiak, lehena iparraldean eta bigarrena hegoaldean. Libanoko mendikatean sorburua duten ibaiak ibilgu laburrekoak dira eta arroila sakonak eratzen dituzte ura Mediterraneo itsasoan isuri baino lehen. Itsasertza laua da (han bizi dira biztanle gehienak) eta Mediterraneo aldeko landaredia hazten da bertan. Klima Mediterraneo aldekoa da itsasertzean eta kontinentala barnealdean. Barnealdean estepa eta basamortua dira nagusi. Euri ugari egiten du itsasertzean eta mendialdean (1.000 mm batez beste) baina ez hainbeste Bekaan (500 mm).  v  Biztanleak. Ekialde Hurbileko estatuen artean, Libano da biztanle dentsitaterik handiena duen herria (358 biztanle km2-ko), eta askotariko jatorri etniko eta erlijioetako biztanleez osatua da gainera. Inperio otomandarraren garaietako sistema bat izan dute elkarbizitzarako oinarri, baina sistema horrek eragin duen konfesionalismoak alderdi politikoen gisako erakunde bihurtu ditu erlijioak, eta gizataldeen arteko hasierako oreka kaskarra eten egin da. Libanoko biztanle gehienak arabiarrak dira, horien artetik libanoarrak % 82; gainerakoetan, garrantzi handiko taldea osatzen dute palestinarrek –iheslariak, gehienak– eta siriarrek. 2007an, 352.800 errefuxiatu eta asilo eskatzaile zeuden Libanon, palestinarrak gehienak. Bestalde, libanoarren 18 milioi ondorengo daude munduan barreiatuta, gehienak kristauak, batez ere Brasilen. Erlijioari dagokionez, musulman xiitak dira % 40 inguru, eta sunniak % 27. Biztanleen % 87 inguru (1995) hirietan bizi da, eta gerraren ondoren nabarmendu da, batez ere, hirietarako joera. Bizi itxaropena 72 urtekoa da batez beste. Hezkuntzari dagokionez, doakoa da baina ez derrigorrezkoa; dena den, Libanok alfabetatze maila altua du (% 90 ingurukoa), beste herrialde arabiar batzuen aldean.  v  Ekonomia. Libanoko ekonomiaren oinarria merkataritza izan da tradizioz, eta Beirut izan zen garai batean Ekialde Hurbileko finantzagune nagusia. Industriak ere (petrolio findegiak, ehungintza, etab.) garrantzi handia izan zuen eta zerbitzuetan ziharduten langile askok gerra aurretik. 1975-1991 bitarteko gerra zibilak, ordea, kalte handiak ekarri zizkion Libanoko ekonomiaren azpiegiturari, nazioaren ekoizpena erdira murriztu zuen eta galarazi egin zuen ordu arte Ekialde Hurbilean biltegi eta finantzagune nagusi gisa izandako nagusitasuna. Gerra amaitu zelarik, gobernu zentralak kontrola berreskuratzeko ahaleginak egin zituen, zergak biltzen hasi zen eta portu nagusien gaineko eskumena lortu zuen. Ekonomia suspertzeko neurriak hartu ziren eta 1993an "Horizon 2000" egitasmoa antolatu zen, hamar urtean Libanoko ekonomia berreraikitzearren eta garai bateko lekura itzultzearren diru inbertsio handiak egiteko helburuarekin. Horrela, 1994an barne produktu gordina % 8 igo zen, eta % 7ko igoera izan zuen hurrengo urtean. 1996an, dena den, Israelen erasoen ondorioz eten egin zen Libanoko ekonomiaren hazkundea. 1992-1998 urteetan asko murriztu zen inflazioa, % 100etik % 5era, eta atzerriko inbertsioek igoera ikusgarria izan zuten. Lan handiak egin dira herrialdea berreraikitzeko, bai finantza egiturei eta bai azpiegitura fisikoei dagokienez, eta zailtasunak gorabehera (1997an, estatuaren aurrekontuaren % 71 erabili zen zorrak ordaintzeko; espekulazioa izugarri zabaldu zen, etxebizitzena batez ere, eta merkatuan zirkuitu paraleloak antolatu ziren; langabezia % 20ra iritsi zen; alokairuak % 20 igo ziren 1998an…), 2006an Israelgo armadaren eta Hezbollahren artean gerra lehertu arte hazkunde nabarmena izan zuen Libanoko ekonomiak. Aipatzekoa da egoera politikoa oso ezegonkorra izan arren, turismoak ere hazkunde nabarmena izan zuela gerraren aurretik. Gerrak, ordea, kalte larria eragin zion Libanoko ekonomia ahulari, turismoari nagusiki. Harrezkero egoera politikoa oso nahasia izan da, ekonomia suspertzen ari da, pixkanaka.  v  Gobernua eta administrazioa. Libanok 1943an lortu zuen burujabetasuna, eta komunitate guztien arteko elkarbizitza iraunarazteko moduan antolatu behar izan zen gobernua; horrela, lehendakaria kristau maronita, Lehen Ministroa musulman sunnia eta legebiltzarreko eleduna xiita dira. 1989ko hitzarmen baten ondorioz, legebiltzarra kristauez eta musulmanez dago osatua, kopuru berean. Nazio biltzarreko ordezkariak, beraz, ordezkari erlijiosoak dira, ordezkari politikoak baino gehiago. Izan ere, biztanleen atalean ikusi den bezala, sekten arabera antolatuta dago Libanoko gizartea eta politika. Horrela, alderdi politikoen moduan diharduten hainbat eta hainbat talde daude, buruzagi baten inguruan ideia etniko, ekonomiko eta, batez ere, erlijiosoengatik bildutako jarraitzaileez osatuak.  v  Libano errepublika presidentzialista da; gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1926an idatzi zen, baina hainbat aldiz berridatzi da, 1995ean azkenekoz. Lehendakaria nazio biltzarrak aukeratzen du sei urtez behin, eta honek izendatzen du Lehen Ministro eta gobernuburua.  v  Historia. Libanoko estatuak gaur egun dituen lurralde gehienek osatu zuten feniziarren lurra K.a. 3000 urtearen inguruan. K.a. XXVII. mendetik aurrera harreman estuak izan zituzten feniziarrek eta egiptoarrek, eta K.a. 2200 urte aldera amoritak jarri ziren Fenizian. Hiksoak (K.a. XVIII. m.), egiptoarrak (K.a. XVI. m.) eta hititak (K.a. XIV. m.) bizi izan ziren Fenizian ondoko mendeetan. K.a. XII. mendetik aurrera Europako eta Asia Txikiko herri batzuek Fenizia aldera jo zuten eta K.a. X. mendean asiriar kulturako Tiroko erresuma egituratu zen bertan. Mediterraneo itsasoko itsasertz guztietara zabaldu zen Tiroko zibilizazioaren eragina. K.a. 538 urtean akemeniar irandarrak jabetu ziren Feniziaz, eta Sidon hiria egin zuten hiriburu. K.a. 332an Alexandro Handia mazedoniarrak Tiro konkistatu zuen eta K.a. 64an Erromako gudarostearen mende geratu zen, Siriako herrialdearen barnean. Erromatarren eta, ondoren, agintari kristauen mendean geratu zen antzinako Feniziako lurraldea. VI. mendean, Siriatik ihes zetozen kristau talde asko Libanoko iparraldean babestu zen eta eliza maronita kristaua sortu zuten. 637. urtean arabiarrak nagusitu ziren hego Libanon eta laurehun urte geroago druso herria bezala ezagutzen hasi zena osatu zuten. Libanoko itsasertzeko hirietako biztanleak musulman sunni bilakatu ziren, gehienbat. XI. mendean gurutzatuen, bereziki frantses gurutzatuen, egoitza bihurtu zen Libano eta 1289an Siriako mamelukoak nagusitu ziren. 1516an mamelukoei turkiar otomandarrek nagusitu zitzaien, eta bertako buruzagi islamdarren kargu egon zen luzaroan benetako aginpidea, kristau maronitek gero eta komunitate garrantzitsuagoa bazuten ere. 1842an sultan otomandarrak printze drusoak aginpidetik kendu zituen, baina okerrera jo zuten drusoen eta maroniten arteko harremanek. 1860an sakaila handia egin zuten drusoek maroniten artean eta frantsesek gatazka hartan parte hartu zuten, kristauen alde. Mendebaleko kolonia estatuen presiopean zegoela, Turkiako sultanak herrialde berezi bat antolatu behar izan zuen 1864an Libanoko kristauentzat. Libano Mendia izena eman zioten eskualde hari. Lehen Mundu Gerraren ondoren, guztiz areagotu zen frantses gudarostearen eragina Libanoko arazoetan. 1926an errepublika aldarrikatu zuten Libanon, erlijio komunitate desberdinen arteko orekan oinarrituta (errepublikako lehendakaria kristau maronita zen, gobernuburua musulman sunnia eta Parlamentuko lehendakaria musulman xiia), baina Frantziak zirauen jaun eta jabe; 1943-1946 urteetan Libanoko burujabetasunaren aldeko higikundea guztiz indartu zen. 1946an gudaroste frantsesek eta ingelesek Libano utzi zuten eta herrialdea burujabe bihurtu zen, 1926koaren antzeko konstituzio batez. Hasieratik Arabiar Ligaren barnean egon zen Libano (1946). Israelen eta herri arabiarren arteko gerraren ondoren (1948-1949), iheslari palestinarrentzako babes-esparruak moldatu ziren Libanoko hegoaldean. 1952-1958 urteetan Camille Chamounen gobernuak mendebaleko estatuen alde jo zuen, baina handik aurrera ideologia panarabiarra nabarmentzen hasi zen. 1967an Libano bitan zatitua zegoen, iheslari palestinarrei eman behar zitzaien tratua zela eta, baina halere Libanok parte hartu zuen Israelen aurkako gerran. 1975eko apirilean talde kristauen eta palestinarren arteko gerra hasi zen Beiruten, eta bitartekari guztien ahalegin guztiengatik ere, Libanoko fronte guztietara zabaldu zen gerra zibila. 1976an Siriako gudarosteak parte hartu zuen, palestinarren alde hasieran eta aurka ondoren, eta 1978an Israelgo gudarosteak hiru hilabetez Libanoko hegoaldea hartu zuen, palestinarren atentatu bati erantzunez. 1980an gerra zibila larriagotu zen, eta 1981-1982 urteetan Palestinaren Askapenerako Erakundearen ekintzei erantzunez, eraso basatiak bideratu zituen Israelgo gusarosteak palestinarren kanpamenduen aurka. 1982an berriro hartu zuen Israelgo gudarosteak Libanoko hegoaldea eta, mendebaleko estatu nagusien laguntzaz, palestinarrek handik alde egin zezaten lortu zuen. Israeldarrek 1985ean alde egin zuten Libanotik, baina beren esku gelditu zen Libano hegoaldeko lurralde zati baten gaineko kontrola (segurtasun eremu deitua). Amine Gemayel lehendakari maronitak osatu zuen gobernua, eta nabarmena izan zen Siriaren eragina gobernu hartan. Kanpoko eraginak ez ezik, azpimarratzekoa izan zen barne politikaren egoera nahasia, garai hartan asko larritu baitziren, besteak beste, Amal (Siriaren aldeko musulman xiitak) eta Hezbola (Iranen aldeko musulman xiitak) taldeen arteko gatazkak. 1988an A. Gemayelek bertan behera utzi behar izan zuen bere kargua eta lehendakari berria izendatu ezinik ibili ondoren, bi gobernu paralelo antolatu ziren, Aoun jeneralarena bata, eta musulmanena bestea, Selim Al-Hoss buru zuena. Michael Aoun jeneral maronitak hartu zuen azkenik lehendakaritza, Iraken eta kristau askoren babesarekin. Hurrengo urtean, dena dela, musulmanen eta kristauen arteko elkarrizketak egin ziren. Libanon elkarren kontra ziharduten taldeen arteko bakea bilatzea zen elkarrizketa haien helburua, eta 1943az gero indarrean zegoen aginpide sistema aldatzea erabaki zen horretarako: ordezkaritzaren banaketa parekatua bilatuko zen (musulmanen mesedetan), lehendakari maronitaren ahalak murriztuko ziren (Lehen Ministro musulmanaren alde), eta Siriaren nagusitasuna galaraziko zen. Horrela, urte hartan bertan René Moawad kristaua hautatu zuten lehendakari, baina handik 17 egunera hil egin zuten eta Elias Hrawi aukeratu zuten. Aoun ez zegoen izendapen harekin ados, Hrawi Siriaren mendeko agintaria izango zela salatu baitzuen. 1990ean Siriak Aouni eraso zion, hura kargutik kendu zuten, eta Siriako gudarostearen laguntzarekin, Libanoko gudarosteak Libanoko lurraldearen gehiengoa berreskuratu zuen eta armak kendu zizkien miliziei. 1990ean bertan nazio batasuneko gobernu bat osatu zen eta hurrengo urtean Libanoko eta Siriako lehendakariek hitzarmen bat sinatu zuten. Siriak Libanoren burujabetasuna ezagutu zuen, besteak beste, eta administrazioa, politika eta ekonomia gaietarako hitzarmenak sinatu ziren, baina halako eragina izan zuen Siriak hitzarmen horietan non Libano Siriaren protektoratu moduko bat bihurtuko baitzen. Israelek eta Libanoko milizia kristauek (tradizioz Siriaren etsai zirenek) ez zuten, noski, hitzarmen hura onartu, Siriak Libanoko barne arazoetan eskumen gehiegi lortuko zuelakoan. Bestalde, 1992an, egoera ekonomiko larriaren kontrako protesta ugari izan ziren, eta Karamé siriarren aldeko gobernu buruaren gobernua gainbehera etorri zen. Hrawik Rashid Al-Sohl sunni moderatua izendatu zuen haren ondorengo. Urte hartan legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren, baina kristauek boikota egin zuten, Siriaren eragin neurriz gaindikoa salatuz. Rafik Hariri libanoar-saudiar sunnia atera zen Lehen Ministro. Hurrengo urteetan indarkeria politikoa ez zen baretu, baina ekonomia suspertu egin zen eta Beirut berreiraiki zen, besteak beste. 1995. urte inguruan atzeraldia sumatu zen berriro (defizita % 37tik % 105era igo zen, besteak beste). 1996an, bestalde, istiluak larriagotu ziren Libano hegoaldean, Hezbola taldearen eta Israelgo gudarostearen artean, eta Israelek Libano bonbardatu zuen. 1998. urtearen amaieran Émile Lahoud jeneral kristauak eskuratu zuen Libanoko lehendakaritza, Siriaren babesarekin, eta Salim al-Huss izendatu zuen gobernuburu. 2000an, nazioarteko mugaz azpitiko Libanoko lurraldeko oste guztiak erretiratu zituen Israelek, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren 425. ebazpenari jarraituz (eremu jakin baten gaineko nagusitasunari loturiko istiluak ez ziren konpondu, halere). 2005eko otsailean, Rafik Hariri libanoar Lehen Ministroa hil zuten, eta berealdiko herritar mugimendua sortu zuen hilketa hark, Siriako gobernuari leporatu baitzioten atentatuaren ardura. Hauteskunde askeak eta Siriar militarrek Libanotik alde egitea (14.000 soldadu zituen Siriak Libanoko lurretan) eskatu zuten herritarrek. Apirilean, liskar askoren ondoren, siriarrak Libanotik atera ziren, Hezbola kontra agertu bazen ere, eta legebitzarrerako hauteskundeak egin ziren. Siriak Libanoko politikan esku hartzearen kontra zeuden hainbat alderdik osatutako koalizio batek lortu zuen garaipena. 2004an NBEren Segurtasun Kontseiluak emandako 1559. ebazpenaren arabera, atzerriko osteek Libanotik alde egin behar zuten, eta, era berean, Libanoko gobernuak milizia armatuei armak kendu behar zizkien eta bere kontrolpean jarri behar zuen Hezbolaren kontrolpeko eremua, hegoaldeko muga, Israelekiko muga babesteko, baina ez zuen lortu. Hala, 2006an liskarra lehertu zen: Israelek Libano bonbardatu zuen eta Hezbolak gogor erantzun zuen, Israel iparraldeko hiriei erasoz. Hildako zibil ugari eta azpiegitura zibilen erabateko hondamena ekarri zuen gatazka hark. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren deiari jarraituz, liskarrak urte hartako abuztuan baretu ziren. 2008an Michel Suleiman izendatu zuten lehendakari, eta Fouad Siniora, Lehen Ministro, 2005ean.
http://www.liban.gov.lb/