letra
iz. Hizkuntza hots edo fonema bat idatziz adierazteko ikurra. ◊ Norberak letrak idazteko duen era berezia. || Pl. Kultura literarioa; literatura, filologia, filosofia, historia. || Letra larri. Sin. maiuskula. || Letra xehe. Sin. minuskula. v Hist. Idatzi batean zeinu guztiek garaiera berbera dutenean eta idazlerrotik gorantz edo beherantz irteten ez direnean letra larria dela esaten da; letra xeheak, berriz, idazlerrotik gorantz eta beherantz irteten diren marratxoak ditu, eta ez da letra larriaren neurrira iristen. Bestalde, letra motei dagokienez, antzinatik erabili da letra etzana, hots, idazkeraren lastertasuna eta letren arteko etenik eza ezaugarri dituena. Letra mota honetatik sortu ziren Europan ia gaur egun arte erabili diren letrarik ezagunenak: karolingiarra, karolingiarren inperioan VIII. mendearen bukaeran sortu zena; gotikoa edo XII. mendeaz gero karolingiarrak hartu zuen forma zorrotzagoa; eta gorteetan eta ondoren liburuetan erabili ziren beste letra etzanak. XV. mendean Italian letra karolingiarra ezarri zen berriz (letra humanistikoa), eta Europa osora zabaldu zen. Inprimeriak letra gotikoa eta humanistikoa edo biribila erabili zituen, eta bigarrenak XVI. mendean indar hartu zuen.