Letonia
(Izen ofiziala, Letoniako Errepublika; Letonieraz, Latvija; Errus., Latviskaja). Europako ipar-ekialdeko herrialdea, Estonia eta Lituaniarekin batera Baltikoko herrietako bat. 64.500 km2 eta 2.261.100 biztanle (2009ko estimazioa, letoniarrak). Mugak: iparraldean Estonia; ekialdean Errusia eta Bielorrusia; mendebaldean eta ipar-mendebaldean Itsaso Baltikoa, eta hegoaldean Lituania. Hiriburua, Riga (839.670 biztanle). Hiri nagusiak: Daugavpils, Jelgava eta Liepaja. Etnia nagusiak: letoniarrak (% 59), errusiarrak (% 28), bieloerrusiarrak (% 3,2). Hizkuntza ofiziala: letoniera. Erlijioa: luteranoa, katolikoa, ortodoxoa. Dirua: lat-a. ■ Europako beste herrialde txiki batzuekin gertatu izan den bezala, Letoniako historia beste zenbait nazioren ondoz ondoko erasoek ezaugarritua izan da. Bere historian zehar Suediaren, Poloniaren, Alemaniaren eta Errusiaren mende egon da Letoniako lurraldea, besteak beste. Bi mundu gerren artean denbora tarte labur batez burujabe izan ondoren, Sobietar Batasunak anexionatu zuen 1940an. 1991n lortu zuen berriro ere burujabetasuna. Harrezkero mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltasuna bilatu du, eta Europar Batasuneko kidea da 2004az gero. v Orografia eta klima. Letoniako batez besteko garaiera oso apala da, lurraldearen hiru laurden 210 m-tik behera baitago eta bertako garaiera gorena 310 m-koa baita. 470 km-ko kostaldea du eta aintzira ugari ditu barnealdean (milatik gora). Ibai ugari igarotzen da handik. Errusian sortzen den Mendebaleko Dvina edo Daugava da ibai nagusia. Basoek Letoniako eremuaren % 37 eta padurek % 10 hartzen dute. Goi latitudean egon arren klima leuna eta hezea du, Errusiako klimarekin alderatuz gero bederen. ■ Biztanleak. Letonia da Baltikoko herrietako lurralderik heterogeneoena, talde txiki ugari baitaude bertan (lituaniarrak, poloniarrak, tartariarrak, etab.); hiri handi batzuetan, letoniarrak baino gehiago dira errusiarrak eta beste gutxiengo batzuk. Ugaritasun horrek zailtasunak sortu ohi ditu elkarbizitzarako. Biztanle hazkundea negatiboa da (-% 0,6), eta letoniarren artean da batez ere nabarmena joera negatibo hori. Bestalde, Letoniak urbanizazio maila garaia du (% 70 inguru); biztanleen herena inguru Rigako metropolian bizi da, baina gainerako eremuetan biztanle dentsitatea aski apala da. ■ Ekonomia. Industria oso garatuta dago Letonian eta Sobietar Batasun ohiko errepublikarik industrializatuena izan zen; industriako jarduera nagusiak kimika eta siderurgiarekin loturikoak dira, burdinbideekin loturiko ekoizpenena batez ere. Industriak hartzen du ekoizpenaren erdia baino gehiago. Dena dela, bertako industria jarduera biziaren eraginez arazoak sortu dira ingurumenean, gas igorpenak eta uraren kutsadura batez ere. Nekazaritza eta abeltzaintza garrantzi handiko jarduerak dira; lurren % 40 erabiltzen da jarduera horietarako, horietatik bi heren laboreak ereiteko eta hirugarren herena larre gisa. Uztak bertako beharrak asetzeko eta soberakinak esportatzeko lain ematen du (garia, garagarra, lihoa, patata, bazka landareak). Arrantzak ez du pisu handirik ekonomian, baina oso ugaria da. Bestalde, baliabide aberatsak ditu basoetan, baina oraingoz ez dira behar bezala ustiatzen. 2000. urtetik ekonomia hazkunderik handiena izan duen Europako herrialdea da Letonia; 2007an, %7koa. Urte berean % 11tik gorako inflazioa izan zuen, ordea, eta horrek eragotziko dio aurreikusitako epean euroa ezartzea; 2013ra arte ez du helburu hori lortuko, azken aurreikuspenen arabera. Bestalde, langabezia ere altua da (% 10 ingurukoa), baina azken urteetan behera egin du, letoniar askok emigratu egin dutelako, Irlandara eta Erresuma Batura, nagusiki. Erabateko pribatizazioa ezartzeko ahalegin handiak egiten ari da herrialdea eta horrek gorabeherak eragin ditu, baita gizarte politiketan murrizketak egin beharra ere. 2008aren, gainera, amaieran erabateko krisian murgildu zen (ekonomiak % 4,3 egin zuen behera) eta atzerriko larrialdiko laguntza eskatu behar izan zuen aurrera egiteko. 2009aren hasieran protesta eta istilu ugari gertatzen ari dira krisi ekonomikoak eragindako gizarte asalduraren ondorioz. v Artea. Letoniako eraikuntzarik zaharrenak zurezkoak dira eta XII. mendea arte ez zen harria erabili (Ikchkil-go eliza). Eskandinaviarrek eta alemaniarrek eraginda garatu zuten XIII. mendetik aurrera Harrian oinarritutako arkitektura eta horren erakusgai dira Rigako eliza, Domskaia komentua, San Pedro katedrala, San Joan eliza eta Tsesis, Sigulda, Ludza eta Bauskako gazteluak. Barrokoari dagozkio, bestalde, Rigako Dannenstern etxea (XVII. mendearen bukaeran egina), eta Pasien, Dagd nahiz Kraslavako hirietako hainbat eliza. Baltikoko Herriak Errusiaren mende geratu zirenean, berriz, herri horren eragina jasan zuen, eraikuntza estiloetan bezala, artean. Rundalsk eta Elgavsi jauregiak XVIII. mendekoak dira eta Eleiskikoa XIX. mendekoa. 1919. urtean sortu zen Letoniako Arte Ederretako akademia, Rigan. ■ Historia. Erromatarren garaian baltiar izena eman zitzaien herrietatik garrantzitsuenetakoa zen letoniarra. Herri hauek guztiek erromatarrekin harremanak izan zituzten, germaniarren bitartez, baina K.o. II. mendean, germaniarrak mendebalerago jotzen hasi zirenean, bakar samar geratu ziren. Bestalde, herri eslaviarrak izan zituzten beti ekialdean eta hegoaldean, eta eskandinaviarrak iparraldean. X. mende aldera hasi zen Baltikoko herrien kristautzea, Kieveko eliza ortodoxoaren eraginari esker, eta XII. mendearen bukaeran eraman zuten germaniarrek erlijio katolikoa, Livoniako apezpikutegia sortu zenean (1199; oro har, egungo Letonia eta Estonia hartzen zituen Livoniak). XII. mendetik aurrera hasi zen lurralde haien germaniartzea. Alexandro Nevskik 1242an Teutoi Zaldunen gudarostea birrindu zuen, baina XII. mendearen bukaeran germaniarrak nagusitu ziren Livonian eta, beraz, Letonian. Livoniako konfederazioa osatu zuten alemaniarrek, eta hiru zutabe nagusitan oinarritu zuten hango antolamendu feudala: Teutoi Zaldunen ordena, Rigako apezpikutegia eta Rigako hiri librea; hiru erakunde horien arteko harremanak zailak izan ziren luzaroan. 1282an Hansako hirien artean onartu zuten Riga eta neurri horrek oparotasuna ekarri zuen. Halaz ere, jatorrizko aitonen semeei zegozkion eskubide guztiak galdu zituzten letoniar nekazariek eta germaniar konkistatzaileen mendeko bihurtu ziren. XIV. mendearen bukaeran osatu zen Lituaniako erreinu handia (1386; lituaniarrak eta poloniarrak koroa bakar batera bildu ziren) eta XV. mendean hasi zen Teutoi Ordenaren gainbehera. 1561ean desagertu zen Teutoi Ordenaren Livoniako adarra eta Poloniako eta Suediako erresumen artean banatu zen Letoniako lurraldea. Rigako hiria poloniarren esku geratu zen 1581ean, baina 1621ean Gustavo Adolfo II.a Suediako erregeak hartu zuen. XVIII. mendean Errusiako koroa jabetu zen Livoniaz (Nystad-eko hitzarmena, 1721) eta Kurlandiaz, Poloniako hirugarren banaketaren ondoren (1795). XIX. mendean, letoniar herria Errusiako tsarren mende geratu zen erabat. Alexandro I.a tsarrak jopu sistema feudala bertan behera utzi zuen, baina letoniar nekazariak lurrak erosteko biderik gabe geratu ziren, Errusiako tsarren mende zeuden nekazari guztiak bezala. XIX. mende erdialdean letoniarren abertzaletasuna piztu zen (Mikelis Auseklis poetaren eraginez) eta Alexandro III.ak Letonia errusiartzeko egindako eginahalak huts egin zuen. 1905eko iraultza saioaren ondoren berriro zabaldu zen Letonia burujabe baten aldeko ideia. Lehen Mundu Gerran alemaniarrak jabetu ziren Letoniako alde batez. 1917ko iraultzaren ondoren, sobiet aginpidea nagusitu zen Letoniako alde okupatu gabean eta 1918an burujabetasuna aldarrikatu zuten letoniarrek, baina Moskuko gobernu iraultzaileak ez zuen neurri hori 1920 arte onartu (Rigako hitzarmena, 1920ko abuztua). Karlis Ulmanis nekazarien buruzagia izan zen lehendakari urte horietan, baina oposizio latza izan zuen sozialista, komunista eta nazio gutxiengoen aldetik. Alemaniarren gutxiengoak nazien aldeko joera garbia erakutsi zuen eta legetik kanpo ezarri zituen Ulmanisek, Letonia III. Reich-aren barnean sarrarazi nahi zutela eta. Bestalde, Perkonkrust («Oinaztura gurutzea») izeneko talde letoniar faxistak indar handia hartu zuen eta, 1934an, aginpide guztiak hartu zituen Ulmanis lehendakariak. 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen eta Sobietar Batasuneko Armada Gorria sartu zen Letonian 1940an. 1941ean alemaniarrek konkistatu zuten Letonia eta han geratu ziren 1944 arte. 1945ean Letoniako errepublika sozialista sobietarra sortu zen, eta sozializazio prozesuarekin batean, biziro lastertu zen Letoniaren errusiartzea. Letoniako ipar-ekialdea Errusiako errepublikako Pskov oblast edo herrialdearen barnean geratu zen, bertako biztanle gehienak errusiarrak zirelako aitzakian. 1986tik aurrera Mikhail Gorbatxov buruzagi sobietarrak abiarazi zuen erreformaren ondoren, guztiz sendotu zen Letoniako abertzaleen burujabetasunaren aldeko programa eta 1990eko maiatzaren 4an independentzia aldarrikatu zuen Letoniako parlamentuak. 1991ko irailean ezagutu zen Letoniaren burujabetasuna, eta urte hartan bertan onartu zuten NBEn. 1992an Sobietar Batasun ohiko gudarostea Letoniatik ateratzeko elkarrizketak hasi ziren; 1994an atera ziren Letoniatik azken soldadu errusiarrak. 1993an egin ziren legebiltzarrerako lehenengo hauteskunde libreak, eta Guntis Ulmanis izendatu zuten lehendakari. Harrezkero, ekonomia liberalizatzeko eta mendebaldeko herrialdeekiko harremanak estutzeko neurriak hartzen hasi zen gobernua (Europako Kontseiluko kide izateko eskaria egin, NATOren programa batean parte hartu du, etab.), eta oro har eskuin eta zentroko alderdiak izan dira nagusi urte hauetan. 1994an, gobernu berriaren joerari jarraituz, atzerriko inbertsioak handitu egin ziren, enpresak pribatizatu ziren etab., baina egoera ekonomikoak ez zuen hobera egin eta hurrengo urtean hainbat finantza erakundek hondoa jo zuten. 1996ko hauteskundeetan, halere, Ulmanis atera zen berriro lehendakari. 1999koetan Vaira Vike-Freibergak irabazi zuen eta, horrela, bera izan zen Ekialdeko Europako emakumezko lehenengo lehendakaria; gobernuburua Andris Skele zen. Letonian aldaketa handiak gertatu dira azken urteotan, pribatizazioaren ildotik batez ere, eta Europar Batasunean sartzera bideratu dira politika gehienak (harekin ditu merkataritza harremanen % 50); 2004an sartu zen erakunde horretan, baita NATOn ere. Bestalde, eta Errusiarekiko harremanak tarteka nahiko onak izan diren arren, Letoniak bi herrialde horien arteko mugak zehazteko hitzarmen bat sinatzea eskatzen du etengabe, eta horrez gainera, istiluak izan dira Letonian bizi diren errusiarren hiritartasuna dela-eta. Horrela, 1998an, Letonian bizi diren errusiarren kopurua kontuan harturik eta Errusiarekiko tirabirak baretzearren (izan ere, Letoniaren kontrako neurri ekonomikoak hartuko zituztela iragarri zuten Errusiako agintariek), Letoniako gobernuak bertan bizi diren errusiarrei hiritartasun bikoitza ezagutzea erabaki zuen. 1999an, dena dela, Letoniako legebiltzarrak letonieraren erabilera sustatzeko neurriak hartu zituen, eta horrekin berriro hasi ziren errusieraz mintzo diren herritarren diskriminazioaren auziari buruzko eztabaidak. 2007an Valdis Zatlers hautatu zuten lehendakari, eta Ivars Godmanis Lehen Ministro.
http://www.lv/