Lerroux García, Alejandro
Espainiar politikaria (Kordoba, 1864 - Madril, 1949). El País egunkariko zuzendari izan zen eta El Progreso, El Intransigente eta El Radical egunkariak sortu zituen. Haren artikuluak zirela eta espetxeratu egin zuten. Bartzelonan hitzaldi demagogikoak egin zituen langileak erakarri nahian, eta anarkismoa eta katalanismoa bazter zezaten. Espainiako Parlamentuko diputatu hautatu zuten Bartzelonan (1901, 1903, 1905), eta Salmerón-ekin batera Unión Republicana alderdia sortu zuen. 1906an Solidaritat Catalá alderdia sortu zen eta Salmerón hautatu zuten lehendakari. Lerroux-ek harremanak eten zituen Salmerón-ekin eta aurre egin zien katalanzaleei. Jarrera horrek erabateko porrota ekarri zion 1907ko hauteskundeetan. 1908an Alderdi Erradikala sortu zuen, eta berriro hautatu zuten diputatu (1910), baina bere alderdikideek Bartzelonako udaletxeko administrazioari irurzur egin izanaz salatu zuten eta haiengandik aldendu zen; harrez gero zentrorantz lerrotu zen. Lerroux-ek gero eta eragin gutxiago zuen langileengan, eta monarkiaren aurkako politika egiten hasi zen bete-betean. 1929an Lerroux-en jarraitzaile finenak harengandik aldendu eta Alderdi Erradikal Sozialista sortu zuten. 1930ean Batzorde Iraultzailean parte hartzera deitu zuten, gero Bigarren Errepublikako behin-behineko gobernua bilakatu zena, eta Estatu ministro izan zen 1931ko apiriletik abendura. Lerroux eta haren alderdia eskuinera lerrotu ziren gero eta gehiago. 1933-35 urteetan CEDArekin batera gobernatu zuen, eta sei aldiz gobernuburu izan zen. Alderdiaren hondamendia buruzagi nagusiak ustelkeriako auzietan nahasi zirenean etorri zen; 1936ko hauteskundeetan erabateko porrota izan zuten. Espainiako Gerra Zibilean (1936-39) Portugalera joan zen eta ez zen Espainiara itzuli 1947a arte.
- lerro
- lerroka
- lerrokada
- lerrokatu, lerroka(tu), lerrokatzen
- lerrokatze
- Lerroux García, Alejandro
- Lerrutz
- Lérruz
- lertsun
- lertxun
- Lertxundi Alda, Jose Agustin