leninismo
iz. Lenin-en politika doktrina. v Leninismoaren ezaugarri nagusiak hauek dira: materialismoa eta dialektika aintzat hartzea, eta idealismoa eta mekanizismoa gaitzestea; laborariak proletarioen kide nagusitzat jotzea; herri guztien autodeterminazio eskubidea eta proletarioak nazio askapen mugimenduetan parte hartzearen beharra onartzea; inperialismoaren arazoa aztertzea; alderdia jotzea iraultza lortzeko tresnatzat, langileei sozialismoaren kontzientzia hark pizten baitie, eta aginpidea eskuratzeko borrokan gidatzen; gainera, alderdia iraultzaren profesionalen erakundea da, eta zentralismo demokratikoaren arabera antolatua dago. Leninismoaren arabera bestalde, proletarioen diktadura garaian estatuak jabetza publikoko bihurtuko ditu produkzio baliabide guztiak; sozialismoa herrialde batean gauzatu ahala iraultza mundu osoan nagusi dadin borrokatuko dira iraultzaileak. Helburu hauek guztiak lortu ondoren estatua desegin egingo da.