leiar
iz. Opt. Gai solido gardena, bi gainazal kurbatu, edo bata kurbatua eta bestea laua, dituena, eta, argia errefraktatuz, irudi bat osa dezakeena. Beirazkoak, plastikozkoak edo kuartzozkoak izan daitezke leiarrak. v Leiar bateratzailea. Erdigunea ertza baino lodiagoa duena. Erabilera nagusiak: mikroskopioak, teleskopioak, argazki kamerak, lupak, betaurrekoak, etab. Argi izpiak halako leiar batetik igaro ondoren, foku erreal (ik. foku) izeneko gunean elkartzen dira, eta, bertan, irudi erreal bat osatzen dute. Leiar bateratzaileak, gainazalen formaren arabera, mota hauetakoak izan daitezke: ganbil bikoa, lau-ganbila eta ganbil-ahurra. v Leiar bereizlea. Muturrak erdigunea baino lodiagoak dituena. Prismatikoetan erabiltzen dira, adibidez, leiar bereizleak. Argi izpiak halako leiar batetik igarotzen direnean, elkarren artetik urrundu edo bereizi egiten dira. Leiar bereizleak irudi birtuala osatzen du, argi izpien luzapen idealak elkartuko liratekeen gunean (foku birtuala). Leiar bereizleak, gainazalen formaren arabera, mota hauetakoak izan daitezke: ahur bikoa, lau-ahurra eta ahur-ganbila. v Leiar elektronikoa. Mikroskopio elektronikoetan eta katodo izpien hodietan erabiltzen den leiar mota. Elektrizitate eremua (leiar elektrostatikoa) edo eremu magnetikoa (leiar magnetikoa) era egokian antolatuz lortzen dira leiar elektronikoak. Elektroien norabidea aldarazten du, antolatutako indar eremuaren arabera. v Leiar meharra. Oso lodiera txikiko leiarra. Leiar mota honen lodierak ez du eraginik errefrakzioa kalkulatzerakoan. v Leiar ukitzailea. Beiraz, plastikoz edo bestelako gai gardenez eginiko Leiar txikia, begiaren korneari itsasten zaiona. Betaurrekoen ordez erabiltzen da.