Lawrence, Thomas Edward
(Lawrence Arabiakoa deitua). Ingeles militar eta idazlea (Tremadoc, Carnavonshire, 1888 - Bovington, Dorset, 1935). Oxforden egin zituen ikasketak eta bertan ikasi zuen arabiera. 1910-1914 urteetan Sirian eta Mesopotamian egon zen, eta ondoko urteetan turkiarren aurkako gerran parte hartu zuen eta ingelesen eta arabiarren gudarosteko koronela zen, Damaskoko hirian sartu zenean (1918). Versaillesko itunean ingelesen eta arabiarren arteko hitzarmena hutsean geratu zenean, Lawrencek uko egin zion bere pentsioari eta arabiarren alde jarraitu zuen. Bi egiteko nagusi izan zituen handik aurrera: arabiarren borroka (gerrillako buruzagi izan zen) eta literatura. Haren obra nagusia, Seven Pillars of Wisdom (1926, Jakituriaren zazpi oinarriak; 1927an eman zen argitara liburu horren bertsio laburra Revolt in the Desert, Matxinada basamortuan, izenez), XX. mendeko abentura dokumentu nagusienetako bat da. Kolonia indar frantsesek Faisal emirrari emaniko tratua ezin jasanik, Ingalaterrako aire gudarostean sartu zen Lawrence, beste izen batez baliatuta (John Hume Ross). Beste eleberri bat idatzi zuen, The Mint (1955ean argitara emana) Royal Air Force Britainia Handiko aire gudarosteko gertakizunak kontatuz, eta Homeroren Odisea inglesera itzuli zuen, hitz lauz. 1930an itzuli zen Lawrence Ingalaterrara eta bertan hil zen bost urte geroago, moto istripu batean.