Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Law, John

Eskoziar finantzaria (Edinburgo, 1671 - Venezia, 1729). Europako zenbait estatutako finantza eta banku sistema aztertu ondoren, Money and Trade Considered, with a Proposal for Supplying the Nation with Money izeneko obra plazaratu zuen (1705, Diruari eta merkataritzari buruzko gogoetak). Estatua herri baten aberastasunaren zaindari nagusi dela argudiatu zuen eta laster Estatuko bankuak, kreditu sistemak eta diru-papera zabalduko zirela esan zuen. Frantzian gauzatu zituen bere ideiak lehenengoz eta, banku pribatu bat abiapuntu hartuta, erresuma hartako banku eta kanpo merkataritza konpainia nagusiak bildu zituen Estatuaren kontrolpeko sistema batera. Europako gainerako estatu batzuetan ere gisa horretako sistemak abiarazi zituzten. Frantziako merkataritza eta kreditu sistema bizkortu ziren, baina espekulazioak eta Law-ren etsaien neurriek bankarrota ekarri zuten 1720an eta Law-ek, Frantziako finantzetako arduradun nagusi une hartan, erbestera jo behar izan zuen. Venezian hil zen, dirurik gabe.