Lasa Alegria, Mikel
Gipuzkoar olerkaria (Donostia, 1938). Salamancan filosofia eta teologia ikasketak egin ondoren ekonomiako eta informatikako ikasketak amaitu zituen. Euskaltzain urgazlea da. Egan, Olerti, Yakin, Zeruko Argia, Zabalik, Literatur Gazeta aldizkarietan eman ditu argitara lanik aipagarrienak. Lasaren olerkigintzak berrikuntza nabarmena ekarri zuen euskal literaturara, bere garaiko olerki sozialetik aparte, Europako joerei irekita, poesia intelektualagoa egiten baitzuen. Bere lan poetikoaren oinarria 1971n, bere arreba Amaia Lasarekin batera ateratako Poema bilduma izeneko liburua da, olerki zaharrenak 1963az gero idatziak badira ere. 1984an berriro argitaratu zen bilduma hori, orduko hartan Mikelenak bakarrik, eta 1993an Memory Dump izeneko obra eman du argitara, lehengo bilduma osoa, poema berriekin eta literaturari buruzko aburuekin batera. Bestalde, Alfonso Sastreren, Marcel Schwob-en, Michel Tournier-en eta Arthur Rimbaud-en obra batzuk itzuli ditu euskarara. Bere da halaber Nobela Berria Hego Ameriketan (1972) saiakera.