Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

langile

iz. Lan egiten duena; bere lanetik ogibidea irabazten duen pertsona. ◊ Lanbide jakin batean sari truke aritzen dena. || izond. Lan asko egiten duena, lanerako zaletasuna duena.  v  Zool. Taldean bizi diren intsektuetan, koloniako lan guztia egiten duen banako antzua.  v  Langileen eguna eta erakundeak. Maiatzaren 1ean ospatzen da mundu osoan langileen eguna, 1889ko maiatzean Chicagon izan zen langile hilketa gogoratzeko. 1890. urteaz geroztik langileen indarra adierazten da maiatzaren 1ean. Britainia Handian XVIII. mendearen bukaeran sortu ziren lehenengo langileen elkarteak (trade union), langileen lan egoera txarrari aurre egiteko, eta 1830. urteaz geroztik batez ere indar handia hartu zuten. 1848an Europako herri askotan burgesiak aginpidea eskuratu zuenean, langileen erakundeen artean zenbait joera sortu zen (marxistak, anarkistak, kolektibistak, erreformazaleak…), baina guztien artean ideologia tinkoena Karl Marx-en obrak eskainia izan zen. Anarkismoak ere indar hartu zuen industria sortzen ari zen herrialde batzuetan (Espainian, Errusian, Kuban…). Bi joera nagusi horiek, marxismoa eta anarkismoa, 1864. urtean elkartu ziren lehenengo internazionalean. ik. Internazional.