Langile Abertzaleen Batasuna (LAB)
Hego Euskal Herrian diharduen sindikatua, esker abertzalekoa. 1974an sortu zen ETAko Langile Fronteko kide batzuek bultzatuta eta 1977an legeztatu zuten. Koordinadora Abertzale Sozialistaren sorreran parte hartu zuen eta nazio askapenaren eta gizarte askapenaren aldeko borrokak bateratzeko xedea hartu zuen hasieratik. Helburu politiko horiek markatu dute orain arte LAB sindikatua. 1979tik aurrera, Herri Batasunerantz lerratu ziren LABeko kide gehienak eta 1980an ELA sindikatura igaro ziren Euskadiko Ezkerra alderdiaren inguruan zeudenak. Azken urteotan LABek izan duen bilakaeraren elementurik garrantzitsuenak ELA sindikatuarekin adostutako jarduera-batasuna eta hauteskunde sindikaletan lortu dituen boto, ordezkari eta enpresa batzordeen handitzea izan da. LAB sindikatua, ELArekin batera, aitzindari izan zen gerora Lizarra-Garaziko Hitzarmenean gauzatuko zen abertzaleen arteko lankidetza finkatu eta garatzerakoan. Nahiz eta hainbat gai garrantzitsutan –ETAren jarduera armatuaren inguruko jarreran, esaterako– ikuspegi eta jokabide desberdinak izan, LABek eta ELAk aurrea hartu zieten alderdi politikoei lankidetza bultzatzerakoan, bai jardun sindikalean –nahiz eta alor horretan behin baino gehiagotan era berezian jokatu– baita Euskal Herriak bizi duen gatazka konponbidean jartzeko proposamen bateratuak egiteko orduan ere. Sindikalgintzan, euskal lan-harremanen eremua defenditu dute era bateratuan LABek eta ELAk Espainia mailako sindikatuen aurrean, baita euskal esparru sozioekonomikoa ere. Bestalde, 1998ko irailaren 12an, Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen LAB sindikatua. ■ LABek Hego Euskal Herriko langileen artean duen zabalkundeari dagokionez, 90eko hamarkadan egin diren azken hauteskunde sindikaletan hazi egin da sindikatu honen ordezkari kopurua. 1998-99. urteetako prozesuan Euskal Herriko hirugarren sindikatu izatera heldu zen LAB, postu hori UGTri kenduta eta ELA eta CCOO sindikatuen atzetik. Hamarkadaren hasieran langile ordezkarien % 10 inguru bazituen, 1998-99. urteetan egin zen hauteskunde prozesuaren ostean % 15era igo zen LABek lortutako boto kopurua, Hego Euskal Herri osoa kontuan hartuta. EAEko datuetara mugatuz gero, ia puntu batean igotzen zen kopuru hori. 1999ko apirilean sindikatuak berak emandako datuen arabera, gainditua zuen lehen aldiz 3.000 ordezkariren kopurua, eta LAB zen nagusi EAEko enpresetako langile batzordeen % 16,6an. Nafarroan ere gora egin zuen langile batzorde kopuruak, 1994-95. urteetako hauteskunde prozesuan lortutako % 12,8tik % 14,4ra pasatuz. 2000. urtean, sorreraren 25. urteurrena ospatzeaz gain, V. Batzar Nazionala egin zuen LABek apirilean. Ia aho batez berretsi zuten ordezkariek Rafa Diez Usabiaga Idazkari Nagusi kargurako, eta bera buru zuen zuzendaritzak aurkeztutako jarduera txostenak ere erabateko babesa jaso zuen Batzarrean. Aurkezten zen zerrenda bakarra izanik, Batzarrean parte hartzen zuten ordezkarien % 96,5en onespena lortu zuen Rafa Diez Usabiagaren kandidaturak. Zabaldu egin zen, bestalde, zuzendaritza, 25 kidetik 39ra pasatuz eta gazte eta emakume kopuru handiagoa hartuz. Birrautatua izan ondoren aurkeztu zuen txostenean, ELArekiko jarduera-batasunari eustea eta gizarte-soldataren zein 35 orduko lan astearen aldeko borroka indartzea proposatu zuen hurrengo urteetako helburu moduan, euskal lan-harremanen esparru propioaren eta burujabetzaren aldeko prozesuan aurrera egin beharra aldarrikatuz. 2008an Rafa Diezek idazkaritza nagusia utzi eta Ainhoa Etxaidek hartu zuen haren lekua.
- Langaurrealdea
- Lange, Jessica
- langela
- Langerhans-en guneak
- Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia
- Langile Abertzaleen Batasuna (LAB)
- langile
- langileria
- langiletasun
- langiletu, langile, langiletzen
- langiletze