Landy, John Michael
Australiar atleta (Hawthorn, Victoria, 1930). Nekazaritza ikasi zuen Melbourneko Unibertsitatean, eta irakasle egin zen. Iraupen ertaineko lasterketetan trebatu zen, eta 1952an Helsinkiko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, 1.500 eta 5.000 metroko probetan. Bi urte geroago, 1954an, Britainiar Inperioaren Jokoetan (gerora Commonwealtheko Jokoak) norgehiagoka historikoa izan zuen Roger Bannister aurkari handiarekin, eta lau minutuz azpitik amaitu zuten biek milia lasterketa: Bannisterrek 3’ 58,8”tan, eta Landyk 3’ 59,6”tan. Urte bereko ekainean, Landyk probako marka berria ezarri zuen 3’ 57,9”tan, eta hilabete horretan bertan 1.500 metroko munduko errekorra ere jaitsi zuen: 3’ 41,9”. 1956ko Melbourneko Olinpiar Jokoetan 1.500 metroko lasterketan brontzezko domina lortu ondoren atletismoa utzi zuen.