Landes
edo Landak. (Gaskoineraz Landes edo Lanes). Frantziako hego-mendebaleko departamendua [40] (Akitania). 9.364 km2 eta 297.424 biztanle (1986). Mugak: iparraldean, Gironda; ekialdean, Lot eta Garona eta Gers; hegoaldean, Euskal Herria eta Biarno, eta mendebalean, Bizkaiko golkoa (Ozeano Atlantikoa). Hiriburua: Mont-de-Marsan. Hiri nagusiak: Akize, Mimizan, Biscarrosse, Hossegor, Capbreton, Aire-sur-l’Adour, Chalosse. Hizkuntza: gaskoinera eta frantsesa. Landetako lurrak guztiz lauak eta hondarrak hartuak dira neurri handi batean. XVIII. mendearen bukaeran hasi ziren bertako lintzurak idortzen eta XIX. mendean pinu sail handiak landatu zituzten, hondar dunen zabaltzea gerarazteko. Aturri eta honen adarra den Midouze dira Landesko ibai nagusiak. Aturri ibaiaren hegoaldean, Biarnoko mugan, daude Landesko departamenduko goi-eremu bakarrak. XIX. mendetik aurrera, Frantziako basoalde oparenetakoa bilakatu zen Landes eta garrantzi handia du egun ere bertako zur industriak (Landetako pinua). Gainerakoan, laborantzari loturiko lurraldea da Landes, eta garrantzia hartu du azken urteotan bertako kostaldeko turismoak. v Historia. Landesko historia Gaskoinakoari lotua da. Tarbelli herri akitaniar euskalduna bizi zen bertan erromatarren garaian eta, X. mendetik aurrera, Akizeko bizkonderria nabarmendu zen gainerako jaurerri txikien artetik. Ondoko mendeetan jaurerri txikitan banatu zen lurralde hura guztia eta horien artean nabarmendu zen, XV. mendetik aurrera, Albreteko etxea, Nafarroako erregetza eskuratu baitzuen XVI. mendean. Landa izenak geografia adiera soila baizik ez zuen izan luzaroan eta 1789. urtean izen horretara bildu zituzten Gaskoinako mendebaleko lurralde asko Landesko departamendua osatzeko.