Landero, Luis
Espainiar idazlea (Alburquerque, Badajoz, 1948). Nekazari familia batean sortu zen, eta 1960an Madrilera emigratu zuten. Han hainbat lanbidetan lan egin behar izan zuen, batxilergo eta unibertsitateko ikasketak ordaindu ahal izateko. Hispaniar filologian lizentziatu zen, eta espainiar hizkuntza eta literatura irakasten ditu Madrilen. 1990ean Literatura Sari Nazionala eta Kritikaren Saria bereganatu zituen bere lehen eleberriarekin: Juegos de la edad tardía (1989, Adin berantiarreko jolasak). Bigarren eleberriarekin, Caballeros de fortuna (1994, Zortearen zaldunak), kontalari handia zela berretsi zuen. Urte berean El oficio de escritor (Idazle lanbidea) saiakera laburra idatzi zuen; 1996an Entre líneas (Lerro artean) kontakizun autobiografikoa, eta 1999an bere hirugarren eleberria: El mágico aprendiz (Ikasle magikoa). Luis Landerok punta-puntako leku bat betetzen du egungo literatura espainiarraren barruan.