Landau, Lev Davidovitx
Errusiar fisikaria (Baku, 1908 - Mosku, 1968). Bakuko eta Leningradeko unibertsitateetan egin zituen kimika eta fisika ikasketak (1922-1927). Kopenhagen izan zen bi urtez, Niels Bohr-en institutuan ikasketak sakontzen. Sobietar Batasunera itzuli zenean Zientzia Akademiako kide izendatu zuten. 1937an, Piotr Kapitsa errusiar fisikariak eskatuta, Fisikako Arazoetarako Institutuko zuzendaritza eman zitzaion, eta 1943an Moskuko unibertsitateko katedra lortu zuen. Lev Landau-k fisika teorikoari buruzko lan asko argitaratu zituen, eta atomoen arteko indarrak, materiaren egoera, helio isurkariaren ezaugarriak, tenperatura apaletako fisika, fisika atomikoa eta nuklearra, izarretako energia eta plasmaren fisikari buruzko ikerketak egin zituen. Fisikako zenbait hitzek haren izena du. 1962an Fisikako Nobel saria jaso zuen helio isurkariaren jariakortasun handiari buruz egindako ikerketengatik. Haren lan nagusia, bederatzi liburuki hartzen dituena, Fisika teorikoari buruzko ikastaroa da.