Lagos
Nigeriako hegoaldeko hiri nagusia eta portua, Beningo golkoaren ertzean, 1975. urtea arte Nigeriako estatuko eta Lagoseko estatu federaleko hiriburua izan zena (Ikeja bihurtu zen orduan estatu federaleko hiriburu). 1.340.000 biztanle (hirialdeak 4 milioitik gora biztanle ditu, 1991). Merkataritza eta industriagune garrantzitsua da Lagos (automobilgintza, janari industria, altzairugintza, ehungintza eta kimika industria). Museoak, unibertsitatea, apezpikutegia eta nazioarteko aireportua. v Historia. XV. mendean aurkitu zuten Lagos itsasgizon portugaldarrek. Biztanleek harreman onak izan zituzten lehendabiziko portugaldarrekin, baina haien seme-alabek jatorrizko biztanleen esklabotasuna bultzatu zuten, 1851. urtean armada ingelesak, esklabotasuna desagertaraztearren, Lagosi eraso zion arte. 1861. urtean Ingelesen administrazioaren mende gelditu zen Lagos, 1906. urtean Nigeriako hegoaldeko protektoratuaren barne egokitu zen arte. Nigeriako Koloniako eta protektoratuko hiriburu bihurtu zen 1914. urtean, eta Nigeriako hiriburu 1960. urtean. 1975. urtean, Lagoseko hiriko hazkunde demografiko izugarria zela eta, hiriburu berri bat eraikitzen hasi ziren Lagosetik 400 km iparraldera Abuja hirian.