Lafuente Pascual, Rafael
Arabar margolaria (Gasteiz, 1936 - 2005). Hamalau urte zituela hasi zen ikasten Gasteizko Arte Eskolan, eta figurazioa landu zuen lehenik, ondoren bere bilakaerak espresionismora eraman bazuen ere. 50eko hamarkadako azken urteetan, figurazio errealista utzi eta aurreneko lan abstraktuak egiten hasi zen. Aurreneko bakarkako erakusketan erakutsi zituen lan horiek, 1958an. Esperimentazioari emandako aldi baten ondoren –bitartean arte grafikoen enpresa batean marrazkilari lanetan ziharduela–, figuraziora itzuli zen 60ko hamarkadan, ondoren bere lanak forma geometrikoetan oinarritzeko. 1969an Arabako Artearen XXVI. Sariketan Ohorezko saria irabazi zuen. Etengabeko bilakaeran, 1975etik aurrera figurazioaren arrastoak desagertu egin ziren bere pinturatik. Irakaskuntzan ere aritu izan da, Gasteizko Institutu Politeknikoan adierazpen grafikoaren teknikak irakasten (1976-1984) edota marrazketa eta pintura Gasteizko Arte Eder Eskolan. Talde erakusketa garrantzitsuetan parte hartu du, hala nola 1980an Bilboko Arte Ederretako Museoak antolatu zuen La trama del arte vascon; 1982an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxetan eratu zen Euskal Pinturan; 1983ko Geométricos Vascos erakusketa ibiltarian; 1984an Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan eratu zen 20 artistas vascosen… 1986an, atzera begirako erakusketa antolatu zuen Arabako Arte Ederretako Museoan, eta 1989an Espainiako Arte Geometrikoa 1957-1989 erakusketan parte hartu zuen Madrilen.