Laboa Manzisidor, Mikel
Gipuzkoar kantaria eta musikagilea (Donostia, 1934 – Donostia, 2008). Ez dok amairu (1965-1972) taldearen sortzaileetariko bat izan zen. Herri kanta tradizionalak hasi zen abesten eta ondoren musika esperimentalaren ildotik abiatu zen (Baga-Biga-Higa, 1970, Josean Arzarekin batean). 1975ean Ikimilikiliklik musika ikuskizuna aurkeztu zuen, Arza anaiekin batera, eta ondoko urteetan ahots-ahalmenetan oinarrituriko saio berri batzuk aurkeztu zituen (Gernika, Lekeitio, Orreaga). Mikel Laboa egungo euskal kantari nagusietako bat da; herri kanta tradizionala landu, Euskal Herriko eta atzerriko poeten lanak musikatu eta esperimentazio lan baliotsuak eskaini ditu. Azken urteetan bakarkako saioak alderdi sinfonikoago batekin tartekatu zituen, bere abesti ezagun askoren bertsio berriak aurkeztuz. 1997an, Donostiako Orfeoiaren mendeurrena zela-eta, abesbatza horrekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera eskainitako kontzertuan aurkeztu zituen bertsio horietako asko. Emanaldi hura grabatu bazen ere, grabazio kalitatea txarra zela-eta, errepikatu egin zuen 1999ko Donostiako Musika Hamabostaldian Gernika Zuzenean 2 diskoan, Donostiako Orfeoiarekin eta Euskadiko Gazte Orkestrarekin orduko hartan, eta emanaldia disko bilakatu zen 2000. urtearen hasieran. Disko horretan Laboaren ibilbidearen hiru zutabe nagusiak uztartzen dira trataera musikal berri baten pean: doinu tradizionalak, gaurko olerkigintzan oinarritutakoak eta esperimentaziozkoak. 2000. urteko urtarrilean, bestalde, Ez Dok Hamairun taldekide izan zituen Benito Lertxundi eta Artze anaiekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatearen urrezko domina jaso zuen.
- labezomorro
- Labiaga
- Labiako mendiak
- Labiano
- labirinto
- Laboa Manzisidor, Mikel
- laborantza
- laborari
- laborategi
- laboratu, labora, laboratzen
- Labordeta, José Antonio