Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

labe

iz. Eraikuntza gehienetan biribila, barnean sua eginez ogia erretzeko, adreiluak egosteko… erabiltzen dena. || Labe garai. Tamaina handiko labea, burdin mea urtzeko erabiltzen dena.  v  Teknol. Hiru eratakoak izaten dira nagusiki labeak: erreketa bidezko labeetan, gasak, isurkariak edo gai solidoa erreaz lortzen da beroa; labe elektrikoetan, berriz, arku voltaikoen bidez, eta indukziozko labeetan erre nahi den gaiaren baitan korronte elektriko handiak eraginda. Metalgintzan, metala meatik bereizteko, metalak zein meak urtzeko eta eraldaketa berezietarako erabiltzen dira labeak.  v  Labe handia edo garaia. Tamaina handiko labea, burdin mea urtzeko erabiltzen dena; labe mota honetan mea eta erregaitzat erabiltzen den ikatza nahasirik sartzen dira. Labe garaia, funtsean, kono enbor itxurako egitura bat da. Gainetik sartzen zaio, geruzak eratuz, burdinazko minerala, ikatza eta urtzeko gaia. Aire beroa sartuz, ikatza berotzen da eta, horren ondorioz, karbonoak bereganatu egiten du burdinazko mineralaren oxigenoa. Lortutako tenperatura handiak burdina urtzen du, eta burdin hori, karbono askorekin nahasia, labe garaiaren behealdeko barrunbean (ik. arragoa) biltzen da. Zepa (minerala errez gero geratzen den hondakina), burdina urtua baino arinagoa denez, arragoaren gainaldeko zuloetatik ateratzen da. Labe garaiaren ahoa 200° C–tan egoten da, erdialdea 1200 °C–tan, eta arragoa 1800 °C–ra iristen da.  v  Upel apaleko labea. Labe garaiaren tankerakoa, baina, txikiagoa denez, zama gutxiago onartzen duena. Labe honetan erregai pobreagoak erabil daitezke, erregaiek jasaten duten pisua txikiagoa baita.