Labayru Ikastegia
1970. urtean ekimen pribatuz sortutako ikastegia, legezko nortasuneko erakunde modura 1977an hasi zena. Bilboko Elizbarrutia izan zen Labayru ikastegiaren eragilea, eta helburua euskal kulturaren balioak aintzat hartzea eta bultzatzea zuen. Hainbat alorretan dihardu Labayru Ikastegiak. Hizkuntza arloan literaturgintza lantzen du –Mikel Zarate Literaturako Iker Mintegiaren eta Idatz&Mintz aldizkariaren bitartez, besteak beste– eta itzulpen zerbitzuak ere baditu. Etnografia arloa ere bereziki lantzen du Labayruk. Bizkaieraz dihardu gehienbat, nahiz eta euskara batuarekiko jarrera irekia izan.