labar
iz. Itsasbazterreko amildegia. v Geol. Itsasertzeko amildegietan, uhinek haitz puskak eta hartxintxarrak hartzen dituzte bazterretik, eta lehertzean amildegiaren kontra jaurtitzen dituzte, era horretara labarraren barrena zulatuz. Denborarekin gaineko harriak itsasora amiltzen dira, eta harri horiek puskatu ondoren, uhinek berriro bultzatzen dituzte labarrari etengabe eraso egin eta higatzera. Labarrak itsasbazterreko harri moten araberakoak izaten dira, uhinek errazago higatzen baitituzte harri mota batzuk besteak baino. Hala, basaltoa eta kare-harriak dauden tokietan labarrak amiltsuak izaten dira; arbela, buztina eta margak dauden tokietan, aldiz, aldapa ez da hain malkarra izaten, harri horiek errazago desegiten baitira.