Kucan, Milan
Esloveniar politikaria (Krizevci, 1941). Esloveniako errepublika independentearen lehenengo lehendakaria. Hamazazpi urte zituela, Jugoslaviako Alderdi Komunistako kide egin zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, Ljubljanako Unibertsitatean. Ikasketak amaituta, Komunisten Ligako zenbait taldetan aritu zen. Bere lehen kargu publikoa Esloveniako Legebiltzarreko lehendakaritza izan zuen, 1978-1982 bitartean. 1986. urtea arte, Esloveniak Komunisten Ligaren lehendakaritza federalean zituen bi ordezkarietako bat izan zen. Ligaren Esloveniako Batzorde Zentraleko lehendakari gisa lan egin zuen 1986-1989 bitartean, eta komunista serbiarren asmo hegemonikoei aurre egin zien. 1989an alderdi anitzeko hauteskundeak onartu zituen lehen buruzagi komunista izan zen. Urtebete geroago, bere alderdiak (Berrikuntza Demokratikorako Alderdia), Legebiltzarraren kontrola galdu zuen Demos koalizio antikomunistaren mesedetan, lehenengo hauteskunde libreetan. Hala ere, diputatuek Kucan hautatu zuten Esloveniako Errepublikako lehendakari. 1991ko ekainean Esloveniako independentzia aldarrikatu zuen, eta 1992ko abenduan lehendakari hautatu zuten. 1997ko azaroan, hauteskundeak erraz irabazita, berriro hautatu zuten lehendakari.