kristal
iz. Geometria forma jakina duen mea zati gogorra, leiarra. || Beira mota, ohikoa baino gardenagoa eta astunagoa. ◊ Beira. v Kristalak poliedro itxurako gorputz gogorrak dira, gainalde lauak dituztenak simetrikoki banatuta. Kristal baten forma barneko egituraren adierazpidea da, eta horrek esan nahi du atomoak eta molekulak ordena jakin batean antolatuta daudela kristalaren barnean. Gai solido gehienek kristal egitura dute. Kristalen aurpegiak poligonoak dira (hirukiak, koadroak, pentagonoak, hexagonoak…). v Kristalen egitura motak. Hainbat kristal mota bereizten dira egituraren arabera: a) Atomo egiturako kristalak. Kristal guztiz gogorrak dira; horrelakoak dira, esaterako, diamantea eta germanioa. Horietan atomo bakoitza beste lauri sendo loturik dago kobalentzia loturen bidez. b) Molekula egiturako kristalak. Besteen aldean askoz ere ahulagoak dira. Horrelakoak dira iodoko kristalak, I2 molekulak elkartzean eratzen direnak. c) Ioi egiturako kristalak. Cl eta Na ioiak eratzen dituzte. Indar elektrostatiko handiak dituzte loturetan. Horrelakoa da, adibidez, sodio kloruroa (NaCl). v Kristalen simetria elementuak. Erdigunea, ardatzak eta aurpegiak edo planoak dira kristalen simetria elementuak. Horien kopurua eta motak, ordea, aldatu egiten dira kristal batzuetatik besteetara.1) Simetria erdigunea kristalaren barnean dagoen puntu bat da. Aurpegi paraleloak dituzten kristalek izaten dute simetria erdigunea.2) Kristalaren erdigunetik doan lerro zuzen bat da simetria ardatza. Kristalari ardatz horren inguruan itzuli osoa emanarazten baldin bazaio, bitan edo gehiagotan errepikatzen dira simetria elementuak egoera berdinean. Kristaletako simetria ardatzak lau eratakoak izan daitezke: a) Bikoak, itzuli oso batean (360°) bi egoera berdin errepikatzen direnean. b) Hirukoak, hiru errepikatzen direnean. c) Laukoak, lau errepikatzen direnean. d) Seikoak, sei errepikatzen direnean. 3) Simetria planoa kristalaren erdigunetik doan planoa da, kristala bi zati simetrikotan banatzen duena.
v Kristal sistemak. Kristalen simetria elementuak 32 eratan konbina daitezke, eta simetria elementuen konbinatzeko moduen arabera sortu dira simetria sistemak, zazpi guztira
1. Sistema kubikoa. 9 simetria plano eta 13 ardatz ditu; ardatz horietatik 6 bikoak dira, 4 hirukoak eta 3 laukoak. Sistema honek simetria elementu ugari dituenez, forma soil asko ere hartzen ditu.
2. Sistema tetragonala. 5 simetria plano eta 5 ardatz ditu; 4 biko eta lauko bat.
3. Sistema hexagonala. 7 simetria plano eta 7 ardatz ditu; 6 biko eta seiko bat.
4. Sistema trigonala. 3 simetria plano eta 5 ardatz ditu; 4 biko eta lauko bat.
5. Erronbo sistema. 3 simetria plano eta 3 ardatz ditu; bikoak denak.
6. Sistema triklinikoa. Simetria planorik eta ardatzik gabea.
7. Sistema monoklinikoa. Simetria plano bat eta biko ardatz bat ditu.
■ Kristal likidoa. Aldi berean likido eta solido modura jokatzen duen gaia. Kristal likido baten molekulak mugikorrak dira, isurkari baten molekulen antzera, baina bere molekula guztiek norabide bera hartzeko joera dute, kristal solido baten molekula egituraren antzera. Kristal likidoen ezaugarri hori baina –solidoen eta isurkarien, bien ezaugarriak batera izatea, alegia–, tenperatura eta presio jakin batean baizik ez da gertatzen. Tenperatura jakin batetik gora edo presio jakin batetik behera, kristal likidoaren molekulak ausaz mugitzen dira likido normal batenak bezala. Tenperatura jakin batetik behera edo presio jakin batetik gora, berriz, kristal likidoaren molekulek mugikortasuna galtzen dute, eta kristal likidoa solido normal bihurtzen da. Kristal likido mota asko daude, fase nematikoak eta kolesterikoak eta fase esmektikoak, molekulak ordena jakin baten arabera antolatuta dituztenak. Molekulen norabidea aldarazten duen eremu magnetiko edo elektriko baten eraginpean jarriz gero, kristal likidoaren ezaugarri optikoak aldatzea ez da gauza zaila. Eremu elektriko txiki baten eraginpean jartzen direnean, adibidez, kristal likido batzuk argitasunetik opakotasunera igarotzen dira, edo argi polarizatua jiratzeko ahalmena lortzen dute. Erloju digital, kalkulagailu, telebista txiki, eskuko ordenagailu eta beste tresna batzuen pantailak kristal likidoz eginikoak dira. Kristal likidozko pantailak ez dira besteak bezain gardenak, baina beste sistema batzuek (argia igortzen duten diodoak) baino energia gutxiago kontsumitzen dute. Kristal likido batzuek argiaren uhin luzerak islatzen dituzte beren molekulen norabidearen arabera, eta norabidea tenperaturaren arabera aldatzen da, era berean. Era horretako kristal likidoak erabiltzen dira, esaterako, zenbait termometrotan, kristal likidoa ukitzen duen gaiaren tenperaturaren arabera kolore jakin bat erakusteko moduan.