Kravtxuk, Leonid
Ukrainar politikaria (Veliki Jytyn, Rovno, 1934). Ukrainako lehen lehendakaria (1991-1994). Ekonomia zientzietako ikasketak egin zituen Kieveko Unibertsitatean eta Moskun. 1958an Alderdi Komunistako kide egin zen, eta zenbait kargu izan zituen Ukrainako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralean. 1988an ideologia sailaren arduradun izendatu zuten, eta 1990ean Ukrainako Sobiet Gorenaren lehendakari. Hasieran, Ukrainaren burujabetasunaren aurka azaldu zen, baina 1991n alde batera utzi zuen ideia hura eta lehendakari hautatu zuten. Errusiako lehendakari Boris Jeltsin (1991-2000) eta Bielorrusiako lehendakari Stanislau Suskevitxekin (1991-1994) batera Estatu Burujabeen Batasunaren (EBB) sortzaileetako bat izan zen. Eltsinekin haserretu zen arma nuklearrak murrizteko negoziazioetan EBBko errepubliketako lehendakariekin hitz egin ez zuelako, eta Ukrainaren burujabetasuna aldarrikatu zuen lurraldeko arma nuklearren kontrolari zegokionez. Halaber, aurre egin zion Errusiari Krimeako penintsularen gaineko auzian. 1993an Ukrainako Lehen Ministro Leonid Kuchmak bere karguaren dimisioa aurkeztu zuenean Kravtxukek hartu zuen gobernuaren behin-behineko buruzagitza. Kravchuk, aginpide handia eta Mendebaldeko herrialdeen laguntza izan arren, ez zen gauza izan Ukrainako ekonomiaren hondamendia eragozteko. 1994ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Leonid Kuchma izan zen garaile.