Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kosuth, Joseph

Estatubatuar artista (Toledo, Ohio, 1945). Arte kontzeptualaren sortzaile eta teorialarietako bat. 1964-1966 bitartean arte ikasketak egin zituen Cleveland eta New Yorken, eta 1970. eta 1971. urteetan, filosofia eta antropologia ikasketak New Yorken. Kosuthek bere ondorio logikoetara eraman zuen artea minimalismoaren ondoren, objektuaz haratago, hizkuntzaren, ezagutzaren eta ideiaren alorrean. Artearen forma tradizionalak ukatu zituen, eta idatzizko hitzetan oinarritu zituen bere esperientziak. 1965ean One and Three Chairs aurkeztu zuen: aulki bat, haren argazkia, eta aulkiaren definizioa hiztegi batetik aterata, halako progresio logikoa eginez errealetik idealera edo kontzeptualera. Kosuth esanahiaren mekanikez kezkatu zen, eta horrek, objektuen kasuan, adimeneko kontzeptuari ikusmenekoa lotzea zekarren. Prozesu horretan hurrengo urratsa irudiak (benetakoak edo horien argazkiak) kentzea izan zen, soilik hiztegiko definizioa agertzeko. Bakarkako lehen erakusketa Pasadena Art Museumen egin zuen, 1969an, eta Leo Castelli galerian gero, 1971n. Egun, eskolak ematen ditu New Yorkeko School of Visual Artsen eta Stuttugarteko Akademie del Bildenden Kunsten.