Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kostroma

Errusiako ipar-mendebaleko hiria eta ibai portua, izen bereko eskualdeko (60.100 km2 eta 852.000 biztanle) hiriburua, Volga ibaiaren eta Kostroma ibaiaren (350 km) bilgunean, Moskuko hiriaren ipar-ekialdean. 269.000 biztanle. Merkataritza eta industriagune garrantzitsua: ehungintza, eraikuntza mekanikoak, janari industria, kimika industria. Aipagarri dira, besteak beste, XIII. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde katedrala, XVI. mendeko Ipatiev monasterioa eta Hirutasunaren katedrala (XVII. m.). Printzerri independente bateko hiriburua izan zen XIII. mendean. Han izendatu zuten Mihail Fiodorovitx Romanov Errusiako tsar.