Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kosako

(Turko-tartarieraz, kazak, “gizon librea”). iz. eta izond. Errusiako zenbait eskualdetako biztanlea; haiei dagokiena. || Eskualde horietako gudaria. Errusiako gudarostearen barne lehenbizi eta SESBekoan gero, kosakoak omen handiko gudariak ziren.  v  XIV. mendean Kaspiar itsasoaren eta Itsaso Beltzaren arteko iparraldean bizi ziren tartariar gizatalde nomada erdi burujabeak izendatzeko erabiltzen zen hitz hau. XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendean, Dnieper eta Don arroetako gizataldeek hazkunde handia izan zuten jaunen mendetasunetik ihesi zihoazen poloniar, lituaniar eta errusiar jatorriko zerbitzariekin. Sei ziren kosakoen kokagune garrantzitsuenak: Don, Greben (Kaukaso), Iaik (Ural), Siberia, Volga, Dnieper eta Zaporogie. Oro har, arrantza, ehiza, fruitu bilketa, azienda, merkataritza eta batez ere lapurreta ziren kosakoen ekonomiaren oinarriak; geroago, turkiarren eta tartariarren erasoak gutxitu zirenean lurra lantzen hasi ziren. Kosakoena militar eiteko gizartea zen; agintari militarra (hetman) zen gobernuburua eta haren laguntzaileak (ataman) ofizialak ziren. Gizarte demokratikoa zen, bestalde: batzar nagusiak egiten zituzten eta kargu guztiak hautazkoak ziren. Polonia eta Errusia gudari talde horietaz baliatu ziren beren interesen alde egiteko. Hala, 1578tik aurrera Poloniako gudarostearen barne zegoen kosakoz osaturiko gudaroste atal batek mugak zaindu zituen turkiarren eta tartariarren erasoen aurka. Bestalde, Errusiaren hegoalderako eta ekialderako hedakuntza, Siberia aldean bereziki, kosakoen esku geratu zen. Hala eta guztiz, tsarren aginpidea sendotu ahala zerbitzarien nagusiekiko mendekotasuna ere gogortu egin zen eta kosakoek XVII. eta XVIII. mendeetako nekazarien matxinadetan esku hartu zuten eta haietariko batzuk mugimendu horien buru izan ziren: Bolotnikov, Stenka Razine, Pugatxev. XVIII. mendean tsarren gobernuek kosakoen berezitasunak ezabatzea lortu zuten: gune kosakoen autonomia eta ordezkariak hautatzeko sistema desagertu ziren eta gobernuak izendaturiko buruzagiek aitonen seme tituluak hartu zituzten. Horrenbestez, arian-arian errusiar gudaroste barneko talde berezia bihurtu ziren. Gehienbat zaldizkoz osaturiko gudaroste berezi honek Errusiako estatua XVIII-XX. mendeetan nahasi zen gerra guztietan esku hartu zuen. XX. mendearen hasieran, Errusiako mugimendu iraultzailea garatzean, gobernuak zapalkuntza lanetan erabili zituen kosakoak. Hala, 1917an gehienek iraultzaren aurka jo zuten eta, ondorioz, gudaroste zuria kosakoak nagusi ziren lurraldeetan gotortu ahal izan zen: Don, Kubal, Ural eta Siberia. Guztiarekin ere, kosakoek osatu zituzten gudaroste gorriko zalditeriaren gune garrantzizkoenak ere. 1936an kosakoen atal berezia desagertu zen eta SESBeko sobietar gudarostean integratu ziren. Bigarren Mundu Gerran, ordea, talde bereziak osatu zituzten eta eginkizun nabarmena izan zuten alemaniar gudarostearen aurkako gerran. Kosakoen bizitza idazle askok landu dute: Gogolek (Taras Bulba, 1837); Tosltoiek (Kosakoak, 1862); Isaak Babelek (Zalditeria Gorria, 1926) besteren artean.