Kopa, Raimond
(Jaiotza izena, Raimond Kopaszewski). Frantses futbol jokalaria (Noeux-les-Mines, Pas-de-Calais, 1931). Poloniar etorkinen familia batean hazi zen. Futbol jokalari gisa, SCO Angers talean jokatu zuen hasieran, eta Stade Reimsen gero. Azken talde horrekin Frantziako Txapelketa irabazi zuen 1953 eta 1955. urteetan. 1956an, jokatu zen lehenengo Europako Txapelketan, Stade Reims taldea txapeldunorde geratu zen, Di Stefano eta Gentoren Real Madriden aurka galdu ondoren. Denboraldi hura bukatu zenean, Real Madridek fitxatu zuen, eta talde horrekin Espainiako Liga bi aldiz (1957, 1958) eta Europako Kopa hirutan irabazi zuen (1957, 1958, 1959). 1959an itzuli zen Frantziara, Stade Reimsen jokatzera ostera, eta beste bi aldiz irabazi zuen Frantziako Txapelketa (1960, 1962). 1958an, Europako jokalari onena saritzeko ematen den Urrezko Baloia jaso zuen. Frantziako selekzioarekin 45 aldiz jokatu zuen eta 18 gol sartu zituen.