Kontsevitx, Maxim
Errusiar matematikaria (Mosku, 1964). Frantziako Ikerketa Zientifiko Aurreratuetarako Institutuko irakasle eta Estatu Batuetako New Brunswickeko Rutgers Unibertsitateko irakasle bisitaria da. Moskuko Unibertsitatean ikasi ondoren, Informazioa Prozesatzeko Problemen Institutuan lan egin zuen. 1992an eskuratu zuen doktoregoa, Bonngo Unibertsitatean (Alemania). Harvard, Princeton, Berkeley eta Bonnen lana egiteko aukera eman zioten. Kontsevitxek matematika hutsa eta fisika teorikoaren artean erlazio asko sortu ditu, Richard Feynmann eta Edward Wittenek egindako lanaren eraginpean bereziki. Ekarpenik garrantzitsuenak “korden teoria” deritzanean eta quantum-en teorian egin ditu, eta geometriako lau problema ebaztu zituenean egin zen ezaguna. Wittenen konjetura bat frogatzeaz gainera, quantum grabitazio deritzaten bi ereduen baliokidetasun matematikoa ere frogatu zuen.