Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kontraerreforma

(Erreforma katolikoa ere deitua). XVI. mendean erreforma protestantearen aurka sortu zen erlijio mugimendu katolikoa. Bi xede nagusi izan zituen, oro har, kontraerreformak: eliza katolikoaren ideologiaren sendotzea eta Erromako Aita Santuengandik urrundu ziren herriak eta herritarrak berriro harenganatzea. XV. mendearen bukaeratik aurrera ekin zion eliza katolikoak barne-erreformari, baina huts egin zuten egiteko horretan Errenazimentu garaiko Aita Santu erromatarrek (Letrango kontzilioa, 1512). Kontraerreforma lehen mailako behar bihurtu zen erreforma protestantea herri askotan nagusitu ondoren eta buru-belarri abiatu zen xede horretan mundu katolikoa, Paulo III.a Aita Santua aitzindari zela. Trentoko kontzilioan (1545-1563 bitartean), aztertu eta berriro zehaztu ziren dogma gehienak (eukaristiaren ingurukoak bereziki), berretsi zituzten gurtzarako praktikak (zazpi sakramentuak, Ama Birijina eta santuenganako gurtza, irudien balioa), hartu ziren diziplinazko neurriak (apaizen zelibatoa, apezpikuek beren barrutietan bizi beharra, apezpikuek barruti bat baino gehiago harrezina), zehaztu zen Liburu Santuen kanona (Biblia, liburu deuterokanonikoak), Bibliaren bertsio ofizialtzat hartu zen San Jeronimok latinez idatzi zuen Vulgata, argitara eman ziren dotrina edo katixima (Doctrina Christiana, 1566), otoitz-liburua (Breviarium, 1568), meza-liburu erromatarra (1540) eta Corpus juris canonici arau liburua. Pio IV.a eta, batez ere, Sixto V.a Aita Santuek antolatu zuten eliza-barneko administrazioa eta apaiztegi eta ikastetxe ugari sortu zen haien agintaldietan. XX. mendea arte eduki duen egitura bertsua zeukan Erromako elizak XVI. mendearen bukaeran. Politikan, guztiz galarazi zuen elizak erreforma Italian eta Espainiako erresuman sartzea, aurre egin zion Erreformari Frantzian eta azkenean bereari eutsi, eta galdutako eremuak berreskuratu zituen Herbehereetan, Austrian, Germaniako inperioan eta Suitzan.  v  Kontraerreformari loturiko irudi nagusiak: Paulo III.a, Julio III.a, Paulo IV.a, Pio IV.a, Pio V.a. Gregorio XIII.a eta Sixto V.a Aita Santuak; Ignazio Loiolakoa, Karlos Borromeo, Filipe Neri, Robert Bellarmin eta Petri Canisio santuak. Inkisizioa (1542an berritua) eta Index (1559, 1564) izan ziren instituzio nagusiak. Karmelitak, oratoriotarrak eta, nagusiki, jesuitak nabarmendu ziren bestalde, erlijio ordenen artean.