Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kongoko Errepublika

(Fr., République du Congo). Afrika erdiko mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Kamerun eta Afrika Erdiko Errepublika; ekialdean eta hegoaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoa; hego-mendebaldean, Angola (Kabindako probintzia) eta Ozeano Atlantikoa; eta mendebaldean, Gabon. 342.000 km2 eta 3.903.318 biztanle (2008, kongoarrak). Hiriburua: Brazzaville (1.326.975 biztanle, brazzavilletarrak). Hizkuntza: frantsesa (ofiziala), lingala, monokutuba, kikongoa eta beste. Etniak: kongoak % 48, sangak % 20, mboshiak % 12, tekeak % 17, europarrak % 3. Erlijioa: kristautasuna % 50, animismoa % 48, islama % 2. Dirua: CFA frankoa. ■ Lurraldea. Herrialdea lau eskualdetan banatuta dago: kostako ordeka; erdialdeko goi ordeka, mendikate txiki batez (800 metro garai gehienez) bereizia kostatik; Kongo ibaiaren arroa ipar-ekialdean; eta padura zabal bat. Erdialde osoa oihana da, eta oso jende gutxi bizi da bertan. Hiru biztanletik bi hegoaldean bizi dira, Brazzaville eta Pointe Noire lotzen dituen burdinbidean zehar. Hiru biztanletik bat basoan edo nekazari gisa aritzen da lanean. Mea baliabide aberatsak ditu Kongoko Errepublikak: petrolioa, beruna, urrea, zinka, kobrea eta diamanteak, besteak beste. ■ Biztanleak. Kongoko etnia talde nagusia kongoena da. Biztanleen erdia dira, eta hiriburuan eta hiriburu inguruan bizi dira. Herrialdearen erdialdean tekeak (edo batekak) bizi dira, eta iparralderago, sangak eta mboshiak. Etnia gehiago badira, baina askoz txikiagoak dira horiek baino. Biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da, herrialdearen hego-mendebaldean, han baitira hiriburua (Brazzaville, herrialdeko ibai portu nagusia) eta hiri nagusiak: Pointe Noire (683.621 biztanle) eta Loubomo (106,300 biztanle). Estatuko hizkuntza ofiziala frantsesa da, bertako hizkuntzekin batera erabiltzen dena: lingala, monokutuba, laria eta abar. Erlijoari dagokionez, katolizismoa eta animismoa dira sinesmen zabalduenak. ■ Ekonomia. Baliabide naturaletan oso aberatsa da Kongo, baina ekonomia atzeratua du eta garatze bidean dago. Nekazaritza da biztanleen bizibide nagusia: arroza, artoa eta mandioka lantzen dituzte oinarrizko elikagai gisa, eta olio palmondoa, tabakoa, azukre kanabera, kakaoa, kakahuetea eta kafea, berriz, kanpora esportatzeko. Oihana ere oso aberatsa da, eta zur erreserba handiak eskaintzen ditu (ebanoa, okumea, eta abar). Abeltzaintzak, berriz, ez du pisu handirik, ezta arrantzak ere, nazioaren ekonomian. Industria gehiena, beraz, zurgintzara bideratua dago. Zerratokiez gainera, ehunak egiteko fabrikak, nekazaritzako produktuak eraldatzeko lantegiak eta ontziolak daude. Dena dela, meatzaritza da Kongoko ekonomia jarduera nagusia: gas naturala, beruna, burdina, uranioa, diamanteak eta potasio gatzak ustiatzen dira, eta batez ere petrolioa, bai barnealdean bai itsasaldean. Kongo da Afrika beltzeko bosgarren petrolio ekoizle handiena. Beraz, Kongok zura eta petrolioa esportatzen ditu, nekazaritzako gaiez gainera, eta batez ere elikagaiak inportatzen ditu, barne kontsumorako, nekazaritzak ez baititu oinarrizko beharrak asetzen. ■ Historia. Berlingo harresia erortzeak eta Sobiet Batasunean perestroika indarrean jartzeak aldaketa sozial eta politiko handiak eragin zituzten, eta hala, 1990eko abenduan, alderdi aniztasuna onartu zen Kongoko Errepublikan. 1991ko uztailean André Milongok Lehen Ministro kargua hartzu zuen, lehendakaritzarako hauteskundeak egin bitartean. Erabaki horrek liskar gogorrak eragin zituen kaleetan, eta trantsizio gobernu bat eratu zen, indar armatuak bilduta. Lehendakaritzarako hauteskundeak, 1992ko abuztuan, Pascal Lissouba-k irabazi zituen. Hautatu zutenez geroztik etnia batzuen alde eta beste batzuen aurka egiteaz eta oposizio politikoa zigortzeaz akusatu zuten behin ete berriro. Legegintzarako hauteskundeetan, 1993ko maiatzean, gobernuaren aldekoak 64 aulki eskuratu zituzten, eta oposizioak 49. Oraingoan ere iruzur egitea leporatu zioten gobernuari, eta berriro liskar gogorrak izan ziren militarren eta manifestazioetan parte hartu zuten pertsonen artean: sei lagun hil ziren. Lissoubak erretiroa hartutako militar bat izendatu zuen Lehen Ministro, Jacques Yhombi-Opango, eta izendapen hori zela-eta, oposizioak gobernu paraleloa eratu zuen, Bernard Kolelasen gidaritzapean. Uztailean eta abenduan 80 pertsona inguru hil ziren istilu gogorretan. 1994ko urtarrilean gudarosteak artilleria eta guzti erabili zuen oposizioko talde armatuen erasoei aurre egiteko. Orduan 100 pertsona baino gehiago hil ziren. Martxoaren erdialdean, oposizioak eta gobernuak su-etena hitzartu zuten. Uztailean Kolelas hautatu zuten Brazzavilleko alkate, eta horri esker egoera baretzen hasi zen. 1995ean zehar gobernuaren aurkako miliziak armaz gabetzeko eta behin betiko bakea lortzeko ahaleginak egin ziren. 1997ko ekainean, ordea, berriro piztu zen borroka, gobernua Denis Sassou N'Guesso eta honen aldekoak armaz gabetzen ahalegindu zenean. Azaroan, gerra zibileko lau hilabeteren ondoren, oposizioko indarrek mendean hartu zuten Lissouba lehendakaria, Angolako gudarostearen laguntzaz. N'Guessok gobernu berria antolatu zuen Brazzavillen, eta lehendakaritzarako hauteskundeak deitzeko prest agertu zen. 2002an N’Guessoren konstituzio berria onartu zen, haren arabera, legebiltzarrak ezin zuen lehendakaria agintetik bota. Urte horretan, hauteskundeak egin ziren, eta N’Guessok irabazi zituen. Geroztik, agintean dago. Bitartean, Kongoko errepublika odolusten ari den gerra zibilak milaka eta milaka hildako, zauritu eta erbesteratu eragin ditu. Estatua ustelkeriak janda dago, eta osasun eta hezkuntza zerbitzuak ia deseginda daude. Ez dirudi, oraingoz behintzat, egoera konpontzeko bidean dagoenik.
http://www.presidence.cg/