Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kongo

(Izen ofiziala, Kongoko Errepublika Demokratikoa; Fr., République Démocratique du Congo; 1997 arte, Zaireko Errepublika). Afrikako erdialdeko estatua. Mugak: iparraldean, Afrika Erdiko Errepublika eta Sudan; ekialdean, Uganda, Ruanda, Burundi eta, Tanganyka aintziraz bestaldean, Tanzania; hego-ekialdean, Zambia; hego-mendebaldean, Angola; eta mendebaldean, Ozeano Atlantikoa (40 kilometroko kosta), Angola (Kabindako probintzia) eta Kongo. 2.345.095 km2 eta 65.750.000 biztanle (2007, kongoarrak). Hiriburua: Kinshasa (7.787.832 biztanle, kinshasarrak). Etniak: 200 baino gehiago: mongoak, lubak, kongoak (bantuak) eta mangbetu-azandeak (kamitak) % 45 dira. Hizkuntzak: frantsesa (ofiziala), lingala (ofiziala gudarostean), swahilia, shiluba, kikongoa… Erlijioak: katolikoak % 50, protestanteak % 20, kingistak edo kinbangistak % 10, musulmanak % 10, sekta sinkretikoak eta bertako sinesmenak % 10. Dirua: Kongoko frankoa. ■ Lurraldea. Herrialdeak Kongo ibaiaren arroaren gehiena hartzen du, eta itsasorako irteera estu bat du. Erdialdea eta iparraldea oihana dira; oso jende gutxi bizi da han. Hego-ekialdea mila metrorainoko goi ordoki bat da, eta mea baliabideetan aberatsa da oso: kobrea, zinka, eztainua, urrea, kobaltoa eta uranioa ditu, besteak beste. Hegoaldean sabana da nagusi, eta bertan bizi da jenderik gehiena. Kotoia, kakahuetea, kafea, azukre kanabera, kautxua eta olio palmondoa lantzen dira gehienbat. Siderurgiak eta petrolioaren industriak eragiten duten kutsaduraz gainera, hondakin uren kutsadura da, zenbait animalia galzorian jarri dituen isileko ehizarekin batera, ingurumen arazo nagusia.  v  Klima eta landaretza. Kongoko klimak beroa eta hezetasuna ditu ezaugarri nagusiak. Urtean 1.600 mm euri egiten ditu eta tenperatura 20-27 °C bitartekoa izaten da; Benguelako itsaslasterrak giroa hozten du. Oihanak lurraldearen erdia baino gehiago hartzen du, ipar-ekialdean sabanak eta zingirak daude, eta kostaldean mangle zuhaizti asko. ■ Baliabide naturalak. Kongoko Errepublika Demokratikoak mea baliabide handiak ditu: kobre, uranio, urre eta diamanteetan batez ere. Klima mota asko dituenez nekazaritza ere era askotakoa da, eta zur baliabideak izugarriak dira; Kongoko oihanak mundu osoko oihan eremuaren % 6 hartzen du eta Afrikakoaren ia erdia. Baina aberastasun horiek ustiatzea ez da erraza, garraiobide nagusietatik urrun baitaude gehienak. Kongo ibaiak eta honen adarrek izugarrizko ur sarea eratzen dute, ontziz ibiltzeko modukoa kilometro askotan, eta indarra sortzeko sekulako ahalmenarekin gainera (munduko potentzial hidroelektrikoaren zortziren bat). ■ Biztanleak. Kongoko Errepublika Demokratikoko biztanleen artean hamabi etnia edo gizatalde handi bereizten dira, eta beste 190 txikiagoak. Lautik hiru bantu herria osatzen duten etniaren batekoak dira. Etnia txikiagoen artean aipagarriak dira sudandarrak iparraldean, nilotikoak ipar-ekialdean eta pigmeoak eta kamitak ekialdean. Biztanle multzo handiena Shabako eskualdean (mea askoko eskualdea) eta Kongo Beherean bizi da. Biztanleen % 45 inguru hirietan bizi da: Lubumbashi (851.000 biztanle), Shabako hiriburua; Mbuji-Mayi (800.000 biztanle); Kisangani (420.000 biztanle), barnealdeko hiri nagusia eta Kongoko azken portua; Kananga (400.000 biztanle). Etnien arteko tirabirak, independentziaren ondoren gerra zibila eragin zutenak, indarrez berpiztu ziren 1990 ondoko urteetan, Shaba aldean batez ere. Biztanleen hiru laurdenak, gutxi gorabehera, kristauak dira (katolikoak eta protestanteak). Gainerakoak, bertako sinesmenak kristautasunarekin nahasten dituzten erlijio sinkretikoren bateko kideak dira gehienak. Hizkuntzak ere etniak beste dira, baina horietatik, eta frantsesaz gainera, lau dira zabalduenak: swahilia ekialdean, kikongoa mendebaldean, shiluba hegoaldean eta lingala Kinshasan eta Kongo ibaiaren ibarrean. Bizi itxaropena 53 urtekoa da (1996), eta alfabetatze maila, % 77koa. ■ Ekonomia. XX. mendeko azken hamarraldian Kongoko Errepublika Demokratikoko Barne Produktu Gordina 8.100 milioi dolarrekoa zen eta per capita errenta 210 dolarrekoa, gutxi gorabehera. Kopuru horrek adierazten duen bizi maila apala ez dator bat Kongoko Errepublika Demokratikoa Afrikako herrialde aberatsenetako bat izatearekin, baina indenpendentziaren ondoren piztu zen gerra zibilaren eta hurrengo urteetako administrazio eta gestio kaskarraren eta ustelkeria politikoaren ondorioa besterik ez da hori. Izan ere, 1965 eta 1985 bitartean ekonomia urteko % 1 besterik ez zen igo. Meatzaritzak, beheraldi luze baten ondoren, 1970 inguruan lortu zuen produkziorik handiena, baina 1974tik aurrera kobrearen prezioaren beherakadak izugarrizko kaltea egin zion. ■ Hiru biztanletik bi nekazaritzatik bizi dira. Kongo ibaiaren arroan lur emankorreko oso eremu zabalak daude, baina % 3 besterik ez da lantzen. XX. mendearen azkeneko urteetan gai hauek lantzen ziren batez ere: azukre kanabera, mandioka, fruta eta barazkiak, artatxikia, patata, garia, basartoa, arroza, egoskariak, kafea, kautxua, kotoia eta kakaoa. Kanpora saltzeko gaien produkzioa asko murriztu zen 1975etik aurrera, atzerritarren esku zeuden sailak nazionalizatu zirenean. Gai horien ordez bizibidea ateratzeko oinarrizko gaiak lantzen hasi ziren. Abere hazkuntzak nolabaiteko garrantzia du, baina goialdeetan bakarrik, tse-tse euliak bizitzerik ez duen aldeetan. Basoetatik ateratzen den zura erregai gisa erabiltzen da batez ere. Arestian esan den bezala, mea baliabideak dira Kongoko Errepublika Demokratikoko aberastasun iturri nagusia. Kongo da munduko kobalto eta diamante ekoizlerik handiena, baina kobrearen produkzioa da irabazi handienak ematen dituena. Mea horiez gainera, uranioa, eztainua, urrea, zilarra, zinka, manganesoa, wolframioa eta kadmioa ere ustiatzen dira. Industria gehienak, beraz, meatzaritzarekin lotuta daude. Kobrea urtzeko eta fintzeko industria da inportanteena. Horretaz gainera, aipagarriak dira, baita ere, petrolio findegiak, eta zementua eta azido sulfurikoa egiteko lantegiak. ■ Historia. XV. mendean Afrikako leinu batzuek hartu zuten egoitza. Frantziaren kolonia bihurtu aurretik Loango eta Teke erreinuak ziren nagusi lurraldean. XV. mendean portugaldarrek itsasertza aztertu zuten eta Kongo ibaia aurkitu (1484). XVII. mendean frantsesek itsasertzean hartu zuten egoitza boliaren eta esklaboen salerosketarako. Esklabotasuna debekatu zenean, Frantziako gerra ontziek itsasertz hartatik esklaboen salerosketa ezabatzeko ardura hartu zuten. 1870an hasi ziren frantsesak barnealdea esploratzen, eta Pierre de Brazzak lurraldea Frantziaren babesean jartzeko hitzarmena egin zuen bertako biztanleekin. Berlingo Kongresuan Afrika Europako nazio indartsuenen artean banatu zenean, Brazaville Frantziako komisionatu izendatu zuten, harik eta 1898an lurraldea zenbait konpainiaren artean banatu zen arte hango baliabide naturalak ustiatzeko.  v  XX. mendetik aurrera Kongo Erdikoa, Gabon, Ubangi-Chari eta Txad koloniekin batera, Ekuatoreko Afrika Frantsesaren zati bilakatu zen; hiriburua Brazzaville zen. 1921-1934 bitarteko urteetan Brazzaville eta Pointe-Noire lotu zituen burdinbidea egin zen. Garai hartan piztu zen Kongoko biztanleen artean abertzaletasuna, are gehiago Bigarren Mundu Gerraren ondoren. 1958an errepublika autonomo bihurtu zen, Frantziako Komunitatearen barruan, eta handik bi urtera independentzia lortu zuen. Errepublikaren lehen lehendakaria, Fulbert Yolou, 1963an kendu zuten kargutik. Nazio Mugimendu Iraultzailearen gidaritzapean eta Alphonse Massamba-Debaten eskutik Kongo sozialismora hurbildu zen. 1968ko kolpe militarrak Marien Ngouabi ezarri zuen aginpidean; hurrengo urtean Kongoko Herri Errepublika izena eman zitzaion lurraldeari. 1977an Ngouabi hil zuten. 1979an konstituzio berri bat onartu zen. Harrezkero Denis Sassou Nguesso koronela da errepublikaren burua. 1990. urtearen abenduan Kongoko Langileen Alderdiak marxismo-leninismoa ukatu zuen eta hurrengo urtean alderdi politikoak onartu zituen. 1992ko hasieran Konferentzia Nazionala sortu zen, oposizioaren ekimenez, konstituzioan aldaketak egiteko eta demokraziara bidea zabaltzeko. Handik gutxira, otsailean, Lehen Ministro Nguza Karl i Bonde-k debekatu egin zuen Konferentzia, eta gudarostearen parte batek, matxinaturik, irrati nazionala hartu zuen, eta Mobutu lehendakariaren dimisioa eskatu zuen. Handik ordu gutxira gobernuari leial egon ziren gudarosteek matxinatuak menderatu zituzten. Lehendakariaren aurkako manifestazioak ere oso gogor zapaldu zituzten. Europar Batasunak bertan behera utzi zituen Kongorako laguntza guztiak, Konferentzia Nazionala berriro hasi artean. Aldi berean, Estatu Batuetako, Frantziako eta Belgikako ordezkariek Mobuturen kontrako presioa handitzea hitzartu zuten, gorbernuan aldaketa politikoak eragitearren. Martxoan Mobutuk Konferentzia berehala zabaltzeko baimena zuen. Konferentziak Etienne Tshisekedi hautatu zuen Lehen Ministro, Karl i Bonden ordez. Shabako eskualdean, hego-mendebaldean, etnien arteko borrokak hasi ziren berriro, lunda etniako Karl i Bond kargutik kendu zutenean luba etniako Etienne Tshisekedi-ren ordez. Bi mila pertsona inguru hil ziren liskarretan, eta milaka lubek alde egin behar izan zuten Shabatik. Ekonomia erakundeen 1992ko txosten baten araberen, Zaireko Errepublika (herrialdearen izen ofiziala hala zen orduan) munduko hamar herrialde behartsuenetako bat zen garai hartan. Abenduan Lehen Ministroak diruaren erabilera legala etetea agindu zuen, inflazio gero eta handiagoari aurre egiteko, eta diru berria jarri zuen zirkulazioan: zaire berria. Hala ere, soldaduei diru zaharrez ordaindu zitzaizkien atzeratutako soldatak, Mobutuk hala aginduta. 1993ko hasieran soldaduek, haserre bizian, hondamendi handiak egin zituzten Kinshansan, eta 1.000 lagun baino gehiago hil zen haien eta Mobuturen guardia pertsonalaren arteko liskarretan. Otsailaren 24an Mobuturen gudarosteek Errepublikako Kontseilu Gorenak (Konferentzia Nazionalak trantsizioa gauzatu bitartean izendatutako erakundea) lehengo billeteak onar zitzala eskatu zuten. Estatu Batuek, Belgika eta Frantziak Mobuturi eskatu zioten Tshisekediren behin-behineko gobernuarekin banatzeko agintea, egoerak okerrera egin baino lehen. Eskaera horri erantzunez, Mobutuk kargutik kendu zuen Lehen Ministroa, eta Faustin Birindwa jarri zuen haren ordez. Estatu Batuek, Belgikak eta Frantziak Mobuturen ondasunak bahitzeko asmoa hartu zuten, haren aurka egiteko, baina herrialdea eta haien negozioak kaltetu gabe. Izan ere, munduko pertsona aberatsenetako bat baita Mobutu; uste da lau mila milioi dolar baino gehiagoko ondasunak dituela. Ruandako genozidioak eta handik iheslari pila bat sartzeak tirabira handiak sortu zituen herrialdearen ekialdean. Ruandan FPR gerrillak agintea lortu zuenean, Europako zenbait herrik gutxitu egin zuten Mobuturi egiten zioten presioa, tutsi ingeles-hiztunen garaipenaren ondoren aliatu potentziala izan baitzitekeen. Horrek indartu egin zuen lehendakariaren agintea, eta Joseph Kengo Wa Dondo Lehen Ministro izendatzea bideratu. 1995aren erdialdean, trantsizioko gobernuak beste bi urtez jardun beharko zuela iragarri zenean, protesta handiak izan ziren berriro. Uztaila bukaeran, polizien eta Tshisekedi Lehen Ministro izendatzea eskatzen zuten pertsonen arteko iskanbiletan, hamar lagun hil ziren. Egoerak okerrera egin zuen 1996an, ruandar milizianoek, Zaireko soldaduen laguntzaz, “etnia garbiketa” bultzatu zutenean Masisi eskualdean, aspaldidanik han bizi ziren tutsiak kanporatuz eta hilez. Urtearen buruan, tutsi talde armatuen eta Ruandako gudarosteko hondarren (hutuak gehienak) arteko liskarrak gerra zibil baten itxura hartu zuen. Borroka areagotu egin zen gobernuaren gudarosteak tutsi matxinatuen aurrerabidea galarazten ahalegindu zirenean. Tutsiek herrialdeko sortaldeko hiri batzuk hartu zituzten. Mobuturen erregimena erortzeko zorian egon zen, oposizioko indarrak Laurent Kabila gerrilla-buruzagi zaharraren gidaritzapean elkartu zirenean. Mobutu Suitzako erietxe batean zen, baina sorterrira itzuli zen egoerari aurre egiteko. Gudarostearen soldatak igotzea onartu ondoren, Suitzara itzuli zen. 1997ko lehen hilabeteetan, oposizioko indarrek erraz konkistatu zuten lurralde osoa. Hainbat herrialde saiatu ziren arazoari irtenbideren bat ematen; Nelson Mandelaren ekimenez, esaterako, Mobutuk eta Kabilak bilera bat egin zuten, trantsizioari buruz hitz egiteko. Asmo hark ordea, huts egin zuen, Kabilak Mobutuk agintea uztea eskatu zuelako. Legebiltzarrak kargutik kendu zuen Lehen Ministroa, Kengo Wa Dondo, eta zenbait hilabeteren ondoren, hirugarren aldiz Tshisekedi izendatu zuten ostera, Mobuturen onespenez. Astebete geroago, gobernuko alderdien arteko desadostasunak zirela eta, kargutik kendu zuten Tshisekedi, eta Likulia Bolongo izendatu zuten haren ordez. Maiatzean Mobutuk Marokora ihes egin zuen, eta hurrengo egunean oposizioko gudarostea Kinshasan sartu zen. Kabilak lehendakari izendatu zuen bere burua. Mobutu irailaren 7an hil zen, Rabaten. Gobernu berriak herriaren izen ofiziala aldatu zuen: lehen Zaireko Errepublika zena Kongoko Errepublika Demokratikoa bihurtu zen. Mugarik Gabeko Medikuen txosten batek agerian jarri zituen, 1997ko bukaeran, Kabilaren indarrek eta ruandar gudarosteek egindako desmasiak Mobutu agintetik kentzerakoan. Handik gutxira, azken 35 urteetako uholderik handiena gertatu zen Kongo ibaiaren ibarrean, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan zuen. Berehala, ordea, Kabilaren aliatuek Kabilari aurka egin zioten eta Ruandak eta Ugandak lagundutako matxinada bat izan zen. Zinbawe, Angola, Namibia, Txad eta Sudaneko soldaduek esku hartu zuten Kongoko erregimen berriari laguntzeko, eta “Kongoko Bigarren Gerra” deitu zitzaion gatazka odoltsua hasi zen. 1999an, su-etena ezarri zen, baina borrokek jarraitu zuten, bereziki ekialdean, lurralde hori diru iturri handia baita, handik ateratzen direnez legez kanpo balio handiko mineral batzuk: koltana, kasiterita eta diamanteak. Kabila 2001ean hil zuten eta haren seme Joseph Kabila izendatu zuten estatuburu. Lehendakaria berehala hasi zen negoziatzen gerrari amaiera emateko eta, hala, 2002an, Pretoriako Hitzarmena sinatu zen. 2003ko amaiera ezkero, egoera zertxobait baketu zen, trantsizioko gobernua osatu zen ezkero. Hala ere, leku askotan liskarrak bizi-biziak dira, hala Ituriko gatazkarengatik nola Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoek Ipar Kivuko eta Hego Kivuko probintzietan egiten dituzten erasoengatik. 2006an egin ziren hauteskundeetan, alderdi askok parte hartu ahal izan zuten. Lehenengo itzulian, bi hautagai gelditu ziren: Joseph Kabila (% 45) eta Jean-Pierre Benba lehendakariorde ohia (% 20). Bi hautagaien jarraitzaileak borrokan aritu ziren Kinshasako kaleetan; hamasei lagun hil ziren, harik eta nazioarteko soldaduek egoera kontrolatu zuten arte. Bigarren itzulian, Kabila hautatu zuten lehendakari.
http://www.presidentrdc.cd/