kobre
iz. Gai bakuna, metal gorrixka, distiratsua eta malgua, 1.083 °C-tan urtzen dena, distiratsua, malgua, hauskaitza eta xafla mehetan moldakorra (Cu; at.–z. 29; at.-m. 63,54). v Kobrea izan zen gizakiak ezagutu zuen lehenbiziko metala. Aire hezearen eraginez, geruza berdexka oso pozoitsu batez estaltzen da. Era askotara agertzen da izadian: malakita (kobre hidrokarbonatoa), kuprita (oxido kuprosoa), kalkosina (kobre sulfuroa) eta, batez ere, kalkopirita. Kobre gehiena kalkopiritatik ateratzen da, harekin batera dagoen burdina bereiziz. Aleazio ugari egiten dira kobrea eta beste metal bat elkarrekin urtuz: brontzea (eztainuarekin), latoia (zinkarekin), metal zuria (nikel eta zinkarekin) eta aluminio gogorra (nikel eta aluminioarekin). Elektrizitate haria da kobrearen erabilera nagusia, eroankortasun handikoa baita. Kobrearen gatz garrantzitsuena kobre sulfatoa da (CuSO4), prozedura hauetan erabiltzen dena: galbanoplastian, oihal–ehunak tindatzeko, algak hiltzeko, eta, kare itzaliarekin nahasia, Bordeleko salda (onddoak hiltzeko nahastura) egiteko.