Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kiribati

(Izen ofiziala, Kiribatiko Errepublika). Ozeano Bareko estatua, Mikronesian, Gilbert uhartediak eta hainbat uharte eta atoloik osatua (33 uharte eta atoloitik gora). Errepublika 33 uhartek osatzen dute. 880 km2 eta 105.432 biztanle (2008, kiribatiarrak). Hiriburua: Bairiki (Tarava atoloian, Gilbert uharteetan; 2.700 biztanle). Etnia nagusia: mikronesiarrak (% 80). Erlijioak: katolikoak (% 53), protestanteak (% 41). Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala) eta kiribatiera. Dirua: Australiako dolarra. ■ Kiribatiko estatua osatzen duten uharteak 5.000.000 km2-tik gorako eremu batean barreiatuak daude. Uharte eta atoloi multzo nagusiak Gilbert uharteak, Banaba, Line uharteak eta Fenix uharteak dira. Kiribatiko 33 uhartetatik 20tan bakarrik bizi da jendea; biztanleen % 95 inguru Gilbert atoloi multzoan biltzen da. Hizkuntza ofiziala ingelesa den arren, Tarava atoloitik kanpora kiribatiera (bertako I-kiribati hizkuntza) erabiltzen da batez ere. ■ Ekonomia. Arrantza izan da Kiribatiko ekonomia jarduera nagusia, baina estatuko arrantza konpainia itxi zenez gero, Kiribatik bere eskumenean duen itsasoko partean arrantza egiteko lizentziak atzerritarrei saltzetik ateratzen dute diru gehiena. Nekazaritzak ere (kokoa, banana, papaia, etab.) pisu handia du bertako ekonomian, baina palmondoa da gehiena lantzen dena, lur gutxi dagoelako eta ez delako oso oparoa; esportaziorako gai nagusiak kopra (kokoaren mamia) eta palmondoaren beste gai batzuk dira. Garai batean fosfato erreserba oparoak izan zituen Kiribatik, baina gaur egun agortuta daude. Ekonomia indartzeko arazo nagusiak, nazio baliabide eskasez gainera, langile trebatuen urritasuna, azpiegitura ahulak eta nazioarteko merkatuekiko urruntasuna dira. ■ Kutsadura arazo larriak daude bereziki Tarava atoloiaren hegoaldean, migrazioaren eraginez eta hondakinak uretara eta hobi irekietara isurtzeko duten ohituragatik, eta horren ondorioz ura kutsatzen ari da. Bestalde, 1989an NBEek argitara emandako txosten baten arabera, eguratsaren berotzearen eta itsasoko uren mailaren igoeraren ondorioz urak erabat estali dezake Kiribati, hori eragozteko neurri egokirik hartu ezean. ■ Historia. Antzina Gilbert eta Ellice izena zuen gaur egun Kiribati denak; britainiarren mendeko protektoratua izan zen 1892tik aurrera, eta britainiar koroaren kolonia bihurtu zen 1915ean (geroago Fenix eta Line uharteak ere kolonia hartan sartu zituzten). 1975ean Gilbert eta Ellicek bi estatu bereizi osatzeko erabakia hartu zuten; Ellice uharteak Tuvalu estatu txikiaren baitan sartu ziren 1978an, eta Gilbert uharteek, berriz, gaur egun Kiribati den estatua osatu zuten 1979an, Fenixekin eta Linerekin batera. Ordukoa da gaur egun indarrean dagoen konstituzioa. Jeremia Tabai izan zen Lehen Ministroa eta estatuburua. Legeak agintzen zuenari jarraituz, 1991n bere kargua utzi zuen hamabi urteko agintaldia bete zuelarik, eta Teatao Teannaki lehendakariordeak hartu zuen haren lekua. 1994ko hauteskundeetan Teburoro Titok Teatao Teannakiri irabazi zion eta bera da, harrezkero, Kiribatiko lehendakaria. Oro har, eta bere aurretik aginpidean izandako lehendakariak bezala, Kiribati kanpora zabaltzera bideraturiko politika eraman du aurrera, eta Ozeano Bareko inguruko herrialdeekiko harremanak estutzeko ahaleginak egin ditu. Aipagarria da Kiribatin ez dagoela alderdi politiko formalik; interes taldeak dira bertakoak, alderdiko buruzagirik edo alderdi egiturarik gabeak. 2003an, Anote Tong izendatu zuten lehendakari. Ozeano Bareko ur maila aurreikuspenek dioten bezainbat igotzen bada, ur azpian desagertzeko arriskuan egongo da laster Kiribati; hori dela eta, lehendakariak laguntza eskatu du nazioartean kiribatiarrak beste herrialdetan kokatu ahal izateko.
http://www.visit-kiribati.com/