Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kirgiz

iz. eta izond. Etnogr. Ertasiako herri turko-mongoliarra. || Turkieraren antzeko hizkuntza.  v  Kirgizia errepublikan 2.000.000 inguru dira eta inguruko herrialdeetan kirgiz gutxiengo txikiak barreiaturik daude: Txinako Pamir aldean, Kazakhstan, Uzbekistan eta Tadjikistan errepubliketan. Erlijioz musulmanak dira.  v  Kirgizen sorgunea Ienisei aldea da (Minusinsk). IX. mendean Goi Mongolian sartu ziren baina khitanek lekutu zituzten (920). Gengis Khanen mendekoak izan ziren (1218). XVII. mendean kazakhek, errusiarrek eta kalmukoek jazarriak izanik, Tian Shaneko haranetan kokatu ziren. Uzbeken mendean egon ondoren, XIX. mendearen erdialdean errusiar inperioan sartu zituzten. Errusiar kolonoak kirgizen lurrez jabetzearen aurka altxatu ziren 1916an; errepresio gogorra jasan zuten eta haietariko askok Txinara ihes egin zuten. SESBeko kirgizak errepublika autonomoan bildu ziren lehenbizi (1926) eta errepublika federatuan gero (1936). Kirgizen ohiko bizimodu nomada asko aldatu da, joan den mendean garatu ziren nekazaritza eta industria direla eta.