Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

KGB

(Errus. Komitet Gosudarstuennoy Bezopasnosti, “Estatuaren Segurtasun Batzordea”). Sobiet Batasuneko polizia politikoa eta segurtasun polizia, Sobiet Batasuneko informazio erakunde nagusia. Bere ikerketa alorra barne arazoak eta nazioarteko arazoak, biak, zituen; informazio ikerketa agerikoa eta ezkutukoa, agintarien babesa, estatuaren sekretuak, zibilak eta militarrak, zaintzea; subertsioaren kontrako borroka, etab. 1954an sortu zen, eta Sobiet Batasunean 1917ko Iraultzaz geroztik izan diren polizia sekretuen lekua hartu zuen. Lehendabizi Txeka (Kontrairaultza eta Sabotaiaren kontrako Errusia Osoko Batzorde Berezia), Iraultzan bertan sortua, gerra urteetan oso zabaldua eta indartua eta autonomia handia irabazi zuena eta 1922an gobernuak deuseztatua. Gero 1923an GPU eta OGPU (Estatuaren Administrazio Politikoa: polizia eginkizunez gainera preso esparruen administrazioa, eta beste eginkizun zabalak zituen bai ikerketa alorretan bai eginkizun judizialetan). Geroago, 1943an NKVD (Estatuaren Segurtasunerako Herriaren Komisaritza) sortu zen, OGPU ere bere barnean hartzen zuela: L. Beria buru zuela, II. Mundu Gerran espioitza lanak hartu zituen, gerrako presoez arduratu zen eta gudarostea zaindu zuen; gerraren ondoren, Stalinek agindu zuen bitartean, berebiziko indarra hartu zuen Sobiet Batasuneko gizarte alor eta maila guztietan. 1953an Stalin hil zenean, OGPU desegin zen, Beria bera eta beste buruzagi asko preso hartu eta hil egin zituzten, eta KGB sortu zen haren lekua hartzeko, Alderdi Komunistak zehazki kontrolatzen zuela.