Kerala
Indiako estatua, Indiako hego-mendebalean, Malabar-eko kostaldean, Indiako penintsularen mendebalean. 38.864 km2. 25.480.000 biztanle. Hiriburua: Trivandrum. Mugak: iparraldean Karnataka; ekialdean Karnataka eta Tamil Nadu; hegoaldean eta mendebalean Arabiako itsasoa. Ipar-mendebaletik hego-ekialderantz luzatzen da (550 km) Malabar kostaldearen eta Gath mendien artean. Hiri nagusiak, Trivandrum-ez gainera, Kotxin, Kalikut, Alleppey eta Quillon dira. Proportzioz Indian biztanleriarik handiena duen estatua da, eta analfabetismo tasarik apalena duena orobat. Hizkuntza nagusia: malaialam-a. Erlijio nagusiak: hinduismoa (% 50), kristautasuna (% 5,6) eta islamismoa (% 5). Unibertsitate bat du Trivandrum-en, eta beste batzuk Kotxin-en eta Kalikut-en. Lurraldearen heren bat basoz estalia dago: teka, sandaloa, ebanoa, banbua. Elektrizitate ekoizpena handia da, mendi garaietatik datozen ibaietan eraikitako zentral hidroelektrikoetan. Industria Keralako estatuak berak parte hartuz garatu da gehienbat: ongarriak, kimika industria, elektrizitate materiala, zeramika, ehunak, porlana, beira, papera. v Historia. Gaur egungo Keralako estatua 1957an sortu zen, hizkuntza batasunean oinarrituta (malaialam-a). Lehenbiziko aipamenak, ordea, Asoka enperadorearen garaikoak dira (K.a. III. mendea): Keralaputra izeneko erresuma bat zen orduan. Geroztik ariarrak iritsi ziren Keralara, eta hinduismoa sartu zuten. VII-VIII. mendeetan merkatari arabiarrek islamismoa eraman zuten. Geroztik Kerala feudo multzo bat izan zen. 1498an portugaldarrak Kalikut-era iritsi zirenean, Kerala izan zen europarrak ezagutu zituen Indiako lehenengo estatua. 1790 ondoko urteetan britainiarren esku geratu zen. Indiak askatasuna lortu zuenean, Travancore-Cochin estatua osatu zuen gaur egungo Keralako estatuak, 1957. urtean berriro antolatu zen arte.