Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kenya

(Izen ofiziala, Kenyako errepublika; Swahili hizkuntzaz, Jamhuri ya Kenya). Afrikako sortaldeko kostaldeko estatua, ekuatorean. 582.646 km2 eta 34.707.817 biztanle (2008, kenyarrak). Mugak: iparraldean Sudan eta Etiopia, mendebaldean Uganda, hegoaldean Tanzania, hego-ekialdean Indiako Ozeanoa eta ekialdean Somalia eta Indiako Ozeanoa. Hiriburua: Nairobi (1.506.780 biztanle). Hiri nagusiak: Mombasa, Kisumu, Nakuru, Malindi. Etniak: kenyar herriak % 98,8 (kikuyu % 20,9, luhya % 13,8, luo % 12,8, kamba % 11,3, kalenjin % 10,8, beste batzuk % 29,2), besteak % 1,2. Hizkuntza ofizialak: swahilia eta ingelesa. Erlijioa: kristauak % 70, animistak % 20, musulmanak % 6. Dirua: Kenyako txelina. ■ Biztanleak. Kenya da azken hamarraldietan biztanle kopuruan igoera handienetakoa izan duen munduko herrialdeetako bat (urteko % 3,3tik gorako igoera); jaiotza tasa izugarri garaia du (milako 55etik gorakoa), eta heriotza tasa murrizten ari denez, oso nabarmena da hazkundea. Horrek arazoak sortzen ditu biztanleen beharrak asetzeko (lurra, bizitokia, lana, hezkuntza, zerbitzuak, etab.), eta baliabideetan oso aberatsa ez izaki, kinka larrian jarri du Kenyako ekonomia. Demografiaren gorabeherez gainera, eragina izan du somaliar iheslari saldoen iritsierak. Dena dela, bizi itxaropena 60 urtera iritsi da, eta alfabetatuta dauden biztanleen zenbatekoari dagokionez, Afrikako beste herrialdeen batez bestekotik gora dago Kenya (% 70 inguru daude alfabetatuta, eta 1960an % 20 bakarrik ziren). Kenya bertako biztanleak dira nagusi, baina 100 talde etnikotik gora bereizten dira. Bantu saileko etniak dira handienak, adibidez kikuyuak (Nairobi inguruan batez ere), eta aipagarriak dira luhya, luo eta kanba etniak ere. Ugaritasun horrek komunikazio arazoak sortzen ditu biztanleen artean. ■ Ekonomia. Kenya lurralde azpigaratua da, baliabide urrikoa; Afrikako barne produktu gordin txikienetakoa du. Azken urteotan gora egin du barne produktu gordinak, baina biztanleko nazio produktu gordina jaitsi egin da. Ekonomia nekazaritzan oinarrituta dago (barne produktu gordinaren % 30, langileen % 70 inguru); lurra da, hain zuzen ere, baliabide natural nagusia. Bertako lurren % 11 inguru da nekazaritzarako egokia, baina kenyar nekazariek beren beharrak asetzeko adinako uzta baino ez dute ateratzen, laboreak bereziki (artoa), eta klimaren gorabeheren mende dago uzta. Kafea eta tea ere egiten dira, baina esportaziorako. Gai horien esportazioa da, hain zuzen ere, Kenyako diru iturri nagusietako bat: tearen munduko bigarren esportatzaile handiena da Kenya. Meatzaritza ere garrantzi handiko jarduera da, eta turismoak indar handia izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran (817.000 turista, 400 milioi dolar), baina denborarekin behera egin du turismoak, inguruko herrien lehiaren eraginez eta Kenya barneko liskar politikoen ondorioz bereziki. Industria Afrikako ekialdeko beste herrialde batzuetan baino aurreratuagoa da, baina oraindik oso ahula da (barne produktu gordinaren % 20 baino gutxiago). Erregai gisa erabiltzeko energia iturririk eza da gabezia nagusietako bat. Erabateko mendekotasuna du atzerriko inbertsio eta laguntzekiko, erregaiak lortzeko batez ere. Inbertsioak erakartzeko ahaleginak ez ezik, saio bereziak egin dira energia kanpotik inportatu behar ez izateko. Gobernuak energia alternatiboak ekoizteko bideak bilatu ditu; horrela, energia geotermala ekoizten da, eta ekoizpen hori areagotzeko ahaleginak egiten ari dira. Kanpo zor handia du Kenyak, eta lehen aipatu den presio demografikoarekin batera, kalte handia egiten dio horrek bertako ekonomiari. ■ Gobernua. Kenyako errepublika estatu burujabea eta Commonwealth erakundeko kidea da 1963az geroztik, eta errepublika 1964az geroztik. Burujabetasuna lortu zeneko konstituzioa dago indarrean, baina hainbat zuzenketa egin zaizkio harrezkero, 1997an azkena. Konstituzio horren arabera, legegintza ahalmena nazio biltzarrak du. Biltzar horretako kidea da Kenyako lehendakaria, eta bost urtez behin hautatzen da bozketa bidez. Lehendakaria da gobernuburua eta estatuburua. ■ Historia. Turkana aintziraren aldamenetan aurkitutako aztarnek gizakia orain dela 2.600.000 urte horietan bizi izan zela frogatzen dute. Lurralde horri buruzko dokumentu zaharrenetan agertzen denez, K.o. VIII. mendeaz gero arabiarrak bizi izan ziren itsasertzean. XV-XVIII. bitarteko mendeetan portugesek arabiarrak kanpora egotzi eta Monbasa konkistatu zuten (1505). Gero, arabiarrek itsasertza mendean hartu zuten berriro eta esklabo, urre, eta boli salerosketan jardun zuten harik eta XIX. mendearen bukaeran, piraten nagusigoari amaiera eman behar zitzaiolako aitzakiaz, britainiarrek lurralde osoa hartu zuten arte. Gaur egun Kenyan bizi diren etniek X. mende inguruan hartu zuten han bizitokia: bantuak lehen, barrualdean, eta nilotikoak gero, iparraldean, Somalia ondoan. Bantuen artean kikuiu herria nabarmendu zen eta nilotikoen artean masai herria.  v  1848an heldu ziren lehen europarrak, alemaniar misiolariak; Rabain hartu zuten bizitokia. 1885. urtean, Berlingo Konferentzian, europar nazioen aginpidearen mugak ezartzeko egin zen bileran, Erresuma Batuaren esku utzi zen lurraldea, eta Afrikako Ekialdeko Britainiar Konpainiari eman zitzaion hango merkataritzaren monopolioa. Britainiar Konpainiak burdinbide bat eraiki zuen Monbasako portuaren eta Victoria aintzirako lur emankorren artean (1902); era horretara britainiarrei lurraldean sartzeko bidea erraztu zitzaien. 1920an Britainia Handiak protektoratua kolonia bihurtu eta Kenya deitu zuen. 1952an beltzen eta zurien arteko desberdintasun ekonomikoak eta sozialak zirela eta, Mau-Mau ezkutuko elkartea, kikuiu etniako Jomo Kenyattaren gidaritzapean, matxinatu eta 1952-1960 bitartean iraun zuen gerra bat hasi zen. Britainiarrek matxinatuak gogor zapaldu eta Kenyatta atxilotu zuten, baina 1961ean lurraldearen autonomia onartu behar izan zuten. 1963. urteko abenduan Britainia Handiak Kenyaren independentzia onartu zuen. Jomo Kenyatta izan zen lehen lehendakaria, eta 1978an, hura hil zenean, Daniel Arap Moik hartu zuen lehendakari kargua. ■ Kenyatta hil ondoren kikuyu eta luo etnien artean gerra zibila piztuko zen beldurra zabaldu zen, baina ez zen halakorik gertatu; dena dela, Kenyako historiaren ezaugarri nagusietakoa etnien arteko liskar amaigabea da. Arap Moik bere aurretik agintari izandakoaren politika eta ekonomia moderatua bideratu zuen hasieran, baina 1982an alderdi bakarreko estatu bihurtu zuen Kenya eta neurri zorrotzak hartu zituen. Kontrako mugimendu eta kritika asko jaso zituen, lurren kudeaketaren inguruko ustelkeria salaketak batez ere, eta 1991. urtearen amaieran atzerriko laguntza ukatu zioten nazioarteko finantza erakunde nagusiek eta mendebaldeko herrialdeek, Moi lehendakaria berrikuntza politiko eta ekonomikoak egitera behartzearren. Hala, alderdi politikoak onartu ziren eta 1992an hauteskundeak egin ziren. Alderdi anitzeko lehenengo hauteskunde haietan Moi eta haren alderdia, KANU (Kenyako Afrikar Batasun Nazionala), izan ziren garaile, gehiengoz, oposizioaren baitan zatiketa handiak zeudelako. Baina hauteskunde haiek etnien arteko gatazka odoltsuak piztu zituzten, batez ere oposizioko kikuyuen kontra. Milaka pertsonak ihes egin behar izan zuten beren herrietatik eta ehunka hildako izan ziren. Gobernuak ustelkeriaren kontrako neurri gogorrak hartu zituen, nazioarteko presioaren eraginez, baina inflazio izugarria, langabezia areagotzea eta zerbitzu publikoen murrizketa ekarri zuten neurri horiek. Gorabeherak gorabehera, 1998ko hauteskundeetan ere Arap Moi izan zen garaile, eta legebiltzarrerakoetan bere alderdiak irabazi zuen. Urte haietan, giza eskubideen kontrako eraso ugari salatu ziren: demokraziaren aldeko ikasle mugimenduari eraso zitzaion; 1997ko abuztuan bakarrik 450 pertsonatik gora atxilotu zituzten; 1998ko hauteskundeen ondoren, garbiketa etnikoko ekintzen barruan, ehun nekazari kikuyu hil zituzten Rift haranean. 2002an, konstituzioak ezarritako agintaldi muga zela eta, Moi ezin izan zen hauteskundeetan aurkeztu, eta bere ondorengo Uhuru Kenyatta-ri eman zion babesa. National Rainbow Coalitionek, oposizioko alderdi asko biltzen zituen koalizioak, irabazi zituen 2002ko hauteskundeak eta Mwai Kibaki izendatu zuten lehendakari. Kibakiren agintaldian, ustelkeriako eskandalu handiak izan ziren eta enfrentamendu gogorrak ere bai lehendakariak bultzatutako konstituzio berriaren proiektuaren aurkakotasunez, botere handia ematen baitzion hark lehendakariari. 2005eko azaroan egindako erreferendumean, atzera bota zen proiektu hori. 2007ko abenduko hauteskundeetan, Kikabi lehendakaria eta oposizioko alderdi nagusiaren hautagaia Raila Odinga ziren lehiakide nagusiak. Odingak irabazi behar zuela zirudienean, Kibaki nagusitu zen boto zenbaketan. Oposizioak iruzurra salatu zuen, eta europar begiraleek hala ziurtatu zuten; manifestazio handiak egin ziren eta Odingak “herriaren lehendakari”tzat izendatu zuen bere burua eta botoak berriz zenbatzea eta Kibakik gobernua uztea eskatu zuen. 2008ko ekainean, manifestazioak bukatzea eskatu zuen Odingak eta Kibaki lehendakariaren inguruko enpresen aurkako boikota eta greba deialdi bat egin zituen.
http://www.e-government.go.ke/