Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kekulé von Stradowitz, August

Alemaniar kimikaria (Darmstadt, 1829 - Bonn, 1896). Gai aromatikoen kimika lantzeko oinarriak jarri zituen. 1858an aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuen: karbonoaren balentzia lau zela eta karbonoaren atomoak molekulak osatzeko elkar zitezkeela erakutsi zuen. 1865ean bentzenoaren egitura hexagonalaren teoria adierazi zuen. Bentzenoaren eraztunaren teoria, kimika organikoaren alorrean egin den iragarpen zientifikorik bikainena dela esan izan da; horrez gainera, eraztunean ordezkoak sartzearen ondorioz atera zitezkeen isomero kopurua eta mota igarri zuen Kekulék. Kimika organikoan formula garatuak erabili zituen lehena izan zen. Karbonoaren lotura hirukoitzen hipotesia aditzera eman zuen eta katea irekidun eta konposatu ziklikoen arteko bereizketa egin zuen. Berak prestatu zuen lehen aldiz fenola eta beste sintesi organiko batzuk ere egin zituen.