kategoriko
izond. Fil. Kategoriari dagokiona. v Inperatibo kategorikoa. XVIII. mendeko etikan, Kanten arabera, eragile guztientzat baldintzarik gabea eta absolutua den moralaren legea, berezko balioa duena, eta ez ondorengo arrazoi edo helburu baten araberakoa. Hala “ez duzu lapurtu behar” adibidez, inperatibo kategorikoa da; “ez duzu lapurtu behar, herria alde izan nahi baduzu” aldiz desioarekin lotua dagoen inperatibo hipotetikoa da. Kant-entzat inperatibo kategoriko bakarra dago, baina era desberdinez adierazi zuen: “ihardun ezazu zure jokaeraren araua berez lege unibertsala izatera iristeko erakoa izan dadin”; “har ezazu gizartea, bai zeure burua denean bai beste pertsona batena denean, beti helburu gisa eta ez bitarteko gisa”. v Juizio kategorikoa. Aristotelesen arabera, baiezkoa, argia eta zuzena den juizioa. Bi kontzeptu lotura elementu batek elkarturik dituen juizioa. Adibide ezagunetakoa sustantzia edo gauza bati ezartzen zaion atributua (predikatuarena) da. v Perpaus kategorikoa. Log. Logika zaharrean, perpaus mota, kualifikaziorik egin gabe, subjektua osorik edo subjektuaren parte bat baieztatzen edo ezeztatzen duen predikatua duena. Oinarrizko lau forma ditu perpaus kategorikoak: “S guztiak P dira”(A) “inongo Srik ez da P” (E), “S batzuk P dira” (I), “S batzuk ez dira P”(O). Beraz, “gizaki guztiak hilkorrak dira” A-perpausa da. Perpaus kategorikoak perpaus osatuak edo konplexuak dituzte aurrez aurre, eta bigarrenen osagai izaten dira. Gertaerak adierazten dituzte, logikazko loturak baino areago; perpaus hipotetikoekin (“Gizaki guztiak hilkorrak badira, Sokrates hilkorra da” dute kontrakotasunik nabarmenenena.