katalisi
iz. Kim. Erreakzio kimikoaren lastertasunean katalizatzaileek duten eraginean oinarritzen den fenomenoa; katalizatzaile izeneko gai batzuek erreakzio kimikoaren lastertasunean eragina izatean oinarritzen den gertaera. Katalizatzaile horiek erreakzioaren hasieran zeuden egoera berean geratzen dira erreakzioaren bukaeran, eta badirudi, horregatik, ez dutela erreakzioan parte hartzen. Baina ez da horrela gertatzen; katalizatzailearen eta erreakzionatzen duten gaien artean “tarteko konplexu” bat eratzen da, eta honen geroko aldaketak katalizatzailea eraberritzen du, eta erreakzioak katalizatzailerik gabe emango lituzkeen emaitza berak ematen ditu. Katalizatzaileek gehienetan erreakzioa bizkortu eta batzuetan moteldu egiten badute ere, ez diote energiarik ematen erreakzio sistemari. Beren eginkizuna erreakzio kimiko bakoitzerako behar den energia, aktibazio energia, gutxitzea da, hau da, azken produktu berdinetara iristeko erreakzionatzen duten gaiei energia bide ekonomikoago bat eskaintzea. Helburu hori betetzeko oso katalizatzaile kopuru txikiak erabiltzen dira normalean. Katalisi mota desberdinak daude: katalisi homogeneoa, katalizatzailea erreakzionatzen duten gaietan disolbatzen bada, katalisi heterogeneoa, disolbatzen ez bada, eta katalisi entzimatikoa, katalizatzailea entzima bat denean.