Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Katalina

Errusiako bi enperadoreren izena.  v  Katalina I.a. (Marta Skowronska). Errusiako Petri I.a enperadorearen bigarren emaztea eta, haren heriotzaren ondoren (1725), Errusiako enperadorea (Jekabpils, Lituania, 1684 - San Petersburgo, 1827). Nekazarien alaba zen. Suediako soldadu batekin ezkondu zen, eta errusiarrek preso hartu zuten. Sheremetev jeneralak Minshikov printzeari saldu zion. Haren bitartez Petri enperadorea ezagutu zuen, eta hark lehenik maitale (1703), eta gero emazte (1711) egin zuen.  v  Katalina II.a (Friederike August von Anhalt-Zerbst). Errusiako enperadorea 1762-1796 bitartean, jaiotzez alemaniarra (Stettin, Prusia, 1729 - Tsarskoie Selo, San Petersburgo, 1796). 1744an Errusiara bidali zituen, gerora Petri III.a enperadorea izango zenarekin ezkon zedin. Errusiarrek erabat gaitzetsia zuten Petri; Katalinak, berriz, haien onespena irabazi zuen. Petri III.a enperadore egin eta sei hilabetera kargutik kendu eta hil zuten; Katalina geratu zen Errusiako enperadore. Nobleek eragin handia zutenez, haien eta batez ere burgesiaren alde jokatu zuen bere erreinaldian, nekazarien kaltetan. 1775ean Errusia berrogeita hamaika probintziatan banatu zuen. Handik hamar urtera Karta Nagusia eman zuen: lurraren jabego osoa eta nekazarien gaineko aginpide betea ematen zien nobleei. Merkataritzan diru-papera sartu zuen. Arte eta letren sustatzaile izan zen; Frantziako entziklopedisten laguna eta babeslea zen: Voltaire, Diderot, eta abarrena. Kanpo poltikan Petri I.a Handiaren joera bera jarraitu zuen. Potemkin printzearen aholku eta laguntzarekin, Poloniako protektoratua sortu zuen, eta bere maitaleetako bat jarri zuen han errege (Stanislaw II.a). Errusiaren mugak urrutirago eraman zituen Poloniaren banaketekin eta Turkiaren kontrako gerren bidez.