Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

katalan

izlag. Kataluniakoa; Kataluniako herritarra. || iz. Kataluniar herrialdeetako latinetiko hizkuntza.  v  Hizkuntza ofizial bakarra da Andorrako Printzerrian, ofiziala da gaztelaniarekin batera Katalunian, Valentziako Herrian eta Balear Uharteetan, eta ez du inolako ofizialtasunik Frantziako estatuaren mendean dagoen Ipar Katalunian.  v  Jatorria eta ezaugarriak. Katalana hizkuntza erromanikoa da, hots, latin arruntetik eratorria. Katalanez mintzo den lurraldeak erromanizazio sakona izan zuen eta hortik dator hizkuntzaren osagai nagusia. Hizkuntza erromanikoen atalean galo-erromanikoaren eta ibero-erromanikoaren artean sailkatu ohi dute, ezaugarri komunak baititu probentzal edo okzitanierarekin alde batetik eta portuges edo antzinako Iberiar Penintsulako erromantzeekin bestetik. Alabaina, katalanaren eremuan finkatu diren edo bertakoekin harremanak izan dituzten herri guztiek beren hizkuntzen aztarnak (hiztegikoak gehienbat) utzi dituzte: erromanizazio aurreko hizkuntzetako elementuak (toki izenak batez ere); grekozko hitzak (Aragoiko Koroaren eta Greziaren arteko harremanen ondorioz); germaniar jatorriko hitzak eta arabieraren maileguak. Garrantzi gutxiagoko beste hiztegi ekarpen batzuk dira probentzala eta italiaera Erdi Aroko literaturan, eta gaztelania Aro Modernoan eta gaur egun.  v  Eremua eta aldaerak. Katalanaren eremua: Katalunia osoa (gaskoieraz mintzo den Aran harana gabe), antzinako Valentziako erresuma (gazteleradun mendebaleko lurralde batzuk izan ezik), Balear Uharteak, Ipar Katalunia (Ekialdeko Pirinioak, frantses departamendu ia osoa), Andorra printzerria, Sardiniako Alguer hiria eta Huesca, Zaragoza eta Teruelgo ekialdea. Guztira katalanaren eremuak 70.000 km2 baino zerbait gutxiago hartzen du eta hiztunak zazpi milioi inguru dira. Katalanak bi aldaera edo dialekto nagusi ditu: ekialdekoa eta mendebalekoa; alde nagusia bokalen ahoskera desberdina da. Ekialdeko katalana honako eskualdeoi dagokie: Bartzelona, Gerona, Tarragonako ekialdea, Balear Uharteak, Roselló eta Alguer. Mendebaleko katalanaren eremua: Andorra, Lerida, mendebaleko Tarragona, katalanez mintzo diren Aragoiko eskualdeak eta katalanez hitz egiten den Valentziako Herria. Nolanahi ere, hizkuntzaren batasuna nabarmena da eta eledunek erraz ulertzen dute elkar.  v  Literatura. Lehen literatura testua Homilies d’Organyà izenburukoa da (XII. mendearen bukaera edo XIII. mendearen hasiera). Ramon Llull (1233-1315) da katalanezko literaturaren lehen autore handia eta garaiko Europako jakintsu gailenetariko bat. Garai bertsuko lau kronika handi garrantzitsu dira bai historiografiaren eta bai literaturaren ikuspegitik: Jakue I.arena (Libre dels Feyts); Bernart Desclot-ena (1285-1295); Ramon Muntaner-ena (1265-1336) eta Petri Zeremoniatsuarena (1388an amaitua). Arnau Vilanova jakituna ere nabarmentzekoa da.  v  Aro klasikoa. XIV. mendearen amaieratik XVI. mendeko hasiera bitartean arorik joriena eta erabakiorrena bizi izan zuen katalanezko literaturak. Klasiko latino eta italiar ugari itzuli ziren garai hartan. Francesc Eiximenis (1340-1409) apezpikuak Erdi Aroko bildumen arabera moldatu zuen bere obra handia Lo chrestià (Kristaua). Garai hartako autore gehienak, ordea, arrazionalismotik eta eszeptizismotik hurbil agertzen dira, hala nola Bernat Metge (1340-1409) eta Anselm Turmeda. Poesiaren alorrean Andreu Febrer, Jordi de Sant Jordi eta Ausias March dira nagusi. Ausias March (1397-1459) valentziar poeta bikaina izan zen italieraren eta hizkuntza probintzialaren mailegurik erabili gabe idatzi zuen lehena. Haren eragina XV. mendeko bigarren erdiko poeta handiengan nabaritzen da: Lleonard de Sors, Joan Roís de Corella, Francesc Ferrer. Kortesau moldeko poesia frantses lirikari jarraitu zitzaion bitartean poesia burgesak satira landu zuen batez ere, hala nola Valentziako herriaren bizitzaren berri baliotsua ematen duen Jaume Roig-en L’Espill (Ispilua). Besteak beste, bi zaldun eleberri handi plazaratu ziren: Joanot Martorell-en Tirant lo Blanch (1460), zaldun eleberrietako onentsuenetarikoa, eta Curial e Güelfa anonimoa.  v  Dekadentzia (XVI-XIX. mendearen hasiera). Aro honetan letra katalanen bilakaera ia erabat mozturik geratu zen gertakari politiko sozialak zirela medio: Errege-erregina Katolikoek monarkia espainiarra ezartzeak Gaztelaren nagusitasuna ekarri zuen, interes ekonomikoak Mediterraneotik Atlantikora aldatu ziren eta 1652ko eta1714ko matxinadek Kataluniaren etsipena ekarri zuten. Idazle bakanek europar higikundeen lanak kopiatzen zituzten eta latina, katalana eta batez ere gaztelania erabiltzen zuten. Prosa historikoan Pere Miquel Carbonell eta Jeroni Pujades kronista dira azpimarratzekoak. Poesiari dagokionez, Errenazimentuko Pere Serafí eta Francesc Fontanella barrokoa nabarmendu ziren. Herri poesiak, alabaina, katalanaren tradizioa mantendu zuen eta kanta anonimo eta balada gailenak sortu zituen, hala nola Cançó del comte Arnau eta Els Segadors izenekoak.  v  XIX. mendeko Renaixença (Errenazimentua). Joan den mendeko lehen urteetan, industria iraultzak kultura katalanaren errenazimentua ekarri zuen. Burgesia klase agintari bihurtu zen, aristokrazia alboratuz. Hizkuntza eta tradizioak berreskuratzea ziren burgesiak kudeaturiko kultura higikunde honen helburuak. Erromantizismoak bideraturiko Erdi Aroaren gorazarreak antzinako kataluniar literaturaren eta historiaren aurkikundea ekarri zuen. Bonaventura Carles Aribau-ren Oda a la pàtria (1833) Renaixençako eta erromantizismoko lehen egile handia izan zen. 1833tik 1859ra erromantizismo katalanak, Europa osoan bezala, bi korronte moldatu zituen: kontserbatzailea eta historizista bata, liberal eta iraultzailea bestea. Era berean, urtero hasi ziren ospatzen. Jocs Florals lehiaketa poetikoak berrezartzeak (1859) izpiritu berria hedatu zuen. Mende amaieran, poesia katalanak berrikuntza sakona eta nazioarteko ezagutza bildu zituen bi liriko bikaini esker: Jacint Verdaguer (1845-1902) eta Joan Maragall (1860-1911). Aipatzekoak dira, halaber, Teodor Llorente (1836-1911), Miquel Costa i Llobera (1854-1922) eta Joan Alcover (1854-1926). Teatroan zein eleberrian obra erromantikoak eta errealistak aldizkatu ziren. Angel Guimerà-k naturalismoa sartu zuen Kataluniako antzerkian (Terra Baixa, 1897). Eleberrian Walter Scotten ereduari jarraitu zitzaion lehenik (Antoni de Bofarull); gero ohitura eleberrien aldia etorri zen (Marià Vayreda, Carles Bosch). 1890. urtearen inguruan Kataluniako gizartearen gorabeherak islatu nahi zituzten autore naturalistak plazaratu ziren: Narcís Oller-ek burgesia industrialaren bizimoldea azaldu zuen (La febre d’or, Pilar Prim), Víctor Català (Caterina Albert) nekazarien mundura hurbiltzen zen bitartean (Solitud). Joaquim Ruyra, formari dagokionez, kontakizun labur landuen egilea da.  v  XX. mendea. Hizkuntzaren egoera nahasiaren aurrean (arkaismoaren eta gazteleraren eraginen artean), Pompeu Fabrak hizkuntza landuaren oinarriak ezarri zituen. 1906 inguruan burgesia katalanak hats handiko kultura ekintzak sustatu zituen. Haren eraginez, kosmopolitismoa eta formarekiko ardura ezaugarri zituen noucentisme higikundea sortu zen. Eugeni D’Ors-ek (1882-1954) higikunde horren oinarri teorikoak adierazi zituen bere artikuluetan eta obretan (La Ben Plantada, Oceanografia del tedi). Josep Carner, Guerau de Liost (Jaume Bofill i Mates) eta Josep Mª López-Picó izan ziren higikundeko poetarik nabarmenenak. 1920tik aurrera, Europako abangoardiko korronteetara bildu ziren zenbait poeta entzutetsu hala nola Carles Riba, Joan Salvat Papasseit, Josep Maria de Sagarra, Josep Vicenç Foix, Pere Quart (Joan Oliver) eta Bartomeu Roselló Pòrcel. Ondoko belaunaldiko poetarik ezagunena aberriaz kezkaturiko Salvador Espriù da (1913-1985): Cementeri de Sinera, La pell de brau dira Espriùren obra nagusiak. Belaunaldi bereko beste poetak dira: Joan Vinyoli, Joan Teixidor, Joan Brossa. Prosaren alorrean, Sebastià Juan Arbó-k (1908-1984) nekazaritza giroko eleberriak idazten ditu (Terres de l’Ebre). Poeta askok kontaketa ere landu zuten: Josep Carner kazetari eta itzultzailea; Josep Maria de Sagarra eleberrigile bikaina (Vida privada); Salvador Espriù, eleberri laburren egilea (Laia, Miratge a Citerea). Alabaina, Josep Plà (1897—1981) gaur egungo katalanezko prosaren maisu aitortua da eta haren obra zabalak (20.000 orriz goiti) bere garaiko gizarte katalanaren lekukotza argia ematen du. Gerraondoko lehen urteetan idazten hasi ziren poeten artean Vicent Andrés Estellés (1924-1992), Miquel Martí i Pol (1929-) eta Gabriel Ferrater (1922-1972) nabarmentzen dira. Azken honen obrak eragin berezia izan du gerraren ondoren jaiotako poetengan: Pere Gimferrer, Joan Navarro, Salvador Oliva. Gerraondoko eleberrigileetan bi autore nagusi azpimarratu behar dira, biak katalanezko eleberririk onentsuenetarikoen egile direnak: Llorenç Villalonga (1897-1980) eta Mercè Rodoreda (1909-1983). Gerra ostean beste eleberrigile anitz plazaratu dira: Xavier Benguerel, Maria Aurèlia Capmany, Manuel de Pedrolo, Joan Perucho, Teresa Pàmies, Baltasar Porcel, Josep M. Espinàs, etab; eta gazteagoen artean, Terenci Moix, Montserrat Roig, Robert Saladrigas, Biel Mesquida, Elisa Tròlec, etab. Saiakeraren alorrean Joan Fuster (1922-1992) nabarmentzekoa da.