Katalina Aragoikoa
Ingalaterrako errege Henrike VIII.aren lehen emaztea (Alcala de Henares, 1485 - Kimbolton, 1536). Aragoiko Fernando II.aren eta Gaztelako Elisabet I.aren alaba zen. 1501ean Ingalaterrako Artur printzearekin, Henrike VII.a erregearen seme zaharrenarekin ezkondu zen. Hura ordea hurrengo urtean hil zen, eta Katalinak erregearen bigarren semearekin ezkontzeko hitza eman zuen, baina ezkonsaria gora behera, ez zen ezkondu harik eta Henrike VIII.a errege egin zen arte. 1510-1518 bitartean sei seme-alaba izan zituen, baina geroago Ingalaterrako erregina izango zen Mary-z beste guztiak gaixorik jaio eta hil ziren. Henrike erregek, ondorengo bat nahi zuela eta, ezkontza baliogabetzeko eskatu zion Aita Santuari. Klemente VII.a Aita Santuak, Katalinaren iloba Karlos I.a Espainiakoak beharturik, zazpi urtez luzatu zuen Katalinaren eta Henrikeren arteko ezkontzaren baliogabetzea. 1533an Thomas Cranmer-ek, Canterburyko artzapezpikuak, ezkontza baliogabetu zuen. Parlamentuko lege batez, Aita Santuaren aginpidea ukatu eta Ingalaterrako erregea izendatu zen hango elizaren buru.