Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karlismo

XIX. mendean Espainian sortu zen politika eta gizarte higikundea. Hasieran Karlos Maria Isidro Borboikoa Fernando VII.aren anaiaren aldekoak bildu zituen. Elisabet Fernando VII.aren alabaren kontra matxinatu ziren karlistak, errege oinordeko Karlos zela aldarrikatuz. Baina hasieran errege oinordetzako gatazka zenak borroka politikoari eman zion bidea, eta gizartean errotuz joan zen; hala, liberalak Elisabeten alde agertu ziren eta karlisten alderdian, berriz, ideologia liberalaren etsai ziren tradizionalistak bildu ziren. Hasierako karlismoak ideologia lauso landu gabea zuen. Alabaina, lehen gerra karlista galdu ondoren, dotrina politikoaren oinarriak jarri ziren; karlistak monarkia tradizional absolutistaren aldeko ziren, elizari iraultza aurretik zuen boterea bihurtzea eskatzen zuten, foru erakundeak eta nekazari giroko ohitura zaharrak zituzten eredu gisa eta suharki agertzen ziren haien alde, hirietan biltzen zen gizarte industrialaren kontra. Gizarteko higikunde gisa karlismoak Euskal Herrian eta Katalunian soilik izan zuen garrantzi handia. Hirugarren karlistaldiaren ondoren, ordea, indarra galduz joan zen karlismoa, eta haren hondarretatik abertzaletasuna sortu zen Euskal Herrian eta Katalunian. Hala ere, Araban eta Nafarroan indar eta eragin handia izan zuen karlismoak XX. mendearen erdialdea arte eta egundoko garrantzia izan zuen 1936ko matxinada militarrean, Errepublikaren aurka gogor egin baitzuten karlistek (erreketeek). Franco jeneralak, ordea, JONS-eko FET alderdi bakarrean sartu zuen karlisten alderdia, eta han desagertu zen betiko. Frankismoaren bukaera aldian, hala ere, ezkerreko alderdi gisa agertu zen karlisten alderdia, baina urte gutxi baino ez zituen iraun.