Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karelia

Errusiako errepublika autonomoa, Itsaso Zuriaren eta Finlandiaren ondoan. 172.400 km2. 780.000 biztanle. Hiriburua: Petrozavodsk. Glaziar lurra da, ordokia; lurraldearen lekurik garaienak, Nuoronen mendiak, 578 m ditu. Aintziraz (43.643 aintzira) eta konifero basoz estalia dago ia guztia (lurraldearen bi heren). Hori da hain zuzen, hango industriaren oinarri nagusia: egur eta zur industria. Europako aintzirarik handienak ditu mugetan: Ladoga eta Onega. Industria: alkaterna, trementina, papera eta zelulosa. Ontziolak. Porfirio, diabasa, marmol, uranio eta torio meatze handiak ditu. Lurra eta klima ez dira egokiak nekazaritza indartsua izan dadin, negua hotza izaten baita, eta uda euritsua.  v  Historia. Karelioak hizkuntzaz eta leinuz ugro-finlandiarren ahaideak dira. XIV. mendean Karelia finlandiarren eta errusiarren artean banatu zen. XVIII. mendean, berriz, Errusiak beretu zuen erabat. 1923an errepublika autonomo bihurtu zen Sobiet Batasunaren barruan. 1939an handik hasi zuten sobietarrek Finlandiaren konkista. II. Mundu Gerran finlandiarrek eta alemaniarrek konkistatu zuten, baina sobietarrek 1944an berriro hartu zuten.