karabansarai
iz. Ekialde Hurbilean karabanak babestu eta atseden hartzeko barruti hesitua. Hiriez kanpo eraikiak dira karabansarai gehienak. Lauki egitura izan ohi dute, horma garaiz inguratuak. Barnealdean, beheko solairua kargak eta abereak pausatzeko izaten da, eta goiko solairuak bidaiarientzat. Karabansarai batean 300-400 gamelu edo mando sar daitezke. Barrenean iturria izaten dute, zamariak edanarazteko eta bidaztien premietarako.