Kapoor, Anish
Indiar eskultorea (Bombay, 1954). Ingalaterran ikasi eta trebatu zen eskultore gisa. Bakarkako lehen erakusketa 1980an egin zuen, Patrice Alexandreren Parisko estudioan. 1990ean Veneziako XLIV. Bi Urtekoaren pabilioi britainiarrean hartu zuen parte, eta bertan, nazioarteko sari garrantzitsu bat, 2000 Saria, eman zioten. Urte berean, marrazki erakusketa egin zuen Londresko Tate Galleryn, eta eskultura erakusketa, Grenobleko Magasinen. Biek jaso zituzten kritikaren goraipamenak. Hurrengo urtean, azken lanen erakusketa harrigarri eta zoragarria egin zuen Madrilen, El Retiroko Palacio de Velázquezen.